'Alternatiba ekofeministak' hizpide izango dituzte, bihar, Mirene Begiristainek eta Marta Barbak. Goizeko 09:30etatik aurrera izango da ikastaroa, eta 13:00etan amaituko da. Ikastaroa euskeraz izango da eta ondorengo galderak erantzungo dituzte, besteak beste; zer da ekofeminismoa? zein dira bere oinarri orokorrak? nola begiratzen diogu problematika ekosozialari, begirada feministatik? nola uztartu ikuspegi ekologista eta feminista?
Ikastaroan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea www.hernani.eus/eu/emakumeentzako-jabetze-eskola webgunean sartuta, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidean idatzita, edota 943 33 70 17 telefonora deituta.
Lau helburu nagusi
Ikastarorako lau helburu nagusi ezarri dituzte Begiristainek eta Barbak: «ekofeminismoaren ardatz nagusiak mahaigaineratuko ditugu; gaur egungo gatazka ekosozialetan ekofeminismoari buruzko galderak zeintzuk diren eta feminismoaren eta ekologismoaren arteko harremana azaltzea; begirada ekofeminista lantzen ari diren proiektuak identifikatzea eta konpartitzea; eta ikuspegi ekofeministatik gogoeta kolektiboa egitea, egun ditugun kontsumo produkzioak edo harreman ereduak interpelatuz».
Ekologia eta feminismoa nola lotzen diren ere azalduko dute: «ekofeminismoan korronte ugari daude, eta ikuspegi desberdinekin osatzen da. Badira begirada esentzialistagoak, kulturalistagoak, espiritualistagoak, momentu batzuetan sozialistagoak eta erradikalagoak ere bai; baina, korronte guztien gainetik, funtsezko premiak batzen dira».