Hernaniar gazte, igandean beste Hernani batean amesten dugun gazteok aldaketarako giltza eskuartean izango dugu.
Hainbat galdera luzatu nahi dizkizuet, azken urteetan buruan bueltaka ditudanak, eta ardatz ezberdinei erreferentzia egiten dietenak:
Etxebizitzari dagokionean, zein izan da Hernaniko gazteok azken urteetan gure herrian izan dugun etxebizitza aukera? Gure ibilbide propioari ekiten diogunean etxe faltarekin egiten dugu topo. Zergatik utzi behar dugu gure jaioterria? Gazteok Hernanin bizi nahi dugu eta horren aldeko politikek etengabeak izan beharko lukete.
Zer esanik ez, lan aukerei dagokienean. Gure herrian instalatu nahi duten enpresak mila traba aurkitzen dituzte udaletxean, eta batek baino gehiagok, etsi egin dute. Urteak pasa dira, hamarkada bat baino gehiago, eta Galarretak hutsik jarraitzen du. Eta gazteok horrek emango ligukeen lan aukerarik gabe. Industria da, zalantzarik gabe, Hernaniren motore ekonomikoa, eta honen gainbeherak eragin zuzena du gure eguneroko bizitzan, herriaren ekonomian, gure tokiko merkataritzan eta ostalaritzan. Nora begira gaude?
Eta aisiari eta kultur aukerei dagokienean, zein dira Hernaniko gazteok eta familiok ditugun aukerak? Ariketa bat proposatu nahi dizuet: hartu orain hamar urteko kultur agenda, eta 2023ko
edozein hilabetetakoa. Harrituta? Haur txikiak dituzten familien aisialdi aukera ere ez da behar lukeena. Zein alternatiba dituzte? Atsegindegi eta estalitako parke bat?
Eta ez dut idatzi hau gazteon arteko elkarbizitzari keinu bat egin gabe amaitu nahi. 2023 urtean hau aitortzea kosta egiten bada ere, Hernaniko gazteon arteko elkarbizitza urrun dago hitz horrek esan nahi duenetik. Etorkizuna, nire seme-alabena, ideologia politikoen gatazken gainetik bizi dena izatea nahiko nuke, elkarrekin bizi den Hernani batean izatea nahiko nuke.
Nire aukera argia da: EAJ-PNV: esandakoa bete egiten duen alderdi baten aldekoa. Hitzetatik haratago, ekintzak behar ditu Hernanik, berme hori behar du gure herriak. Zuk, nolako Hernanin
bizi nahi duzu?