Herriko ikasleek 20 proposamen aurkeztu dizkiote Udalari, energiaren inguruan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 00:00
Ikasleek euren proposamenak helarazi zizkioten Udalari.

Aurtengo ikasturtean, Eskolako Agenda 2030ean, egindako lanketa aurkeztu zuten atzo Plenoan.

Udaletxeko Pleno aretoa ikaslez bete zen atzo goizean. Hain zuzen, herriko ikastetxe guztietako ordezkariak bertaratu ziren Eskolako Agenda 2030 programaren lanketan aurten ateratako ondorioak eta proposamenak Osoko Bilkuran aurkeztera.

Aurtengo ikasturtean, Eskolako Agenda 2030 berriarekin abiatu dira. Berrikuntzen artean, programa bi ikasturtetan burutuko dutela aipatu zuten eta lasaitasun gehiagorekin arituko dira: lehenengo urtean diagnostikoa landu eta esku-hartze plana diseinatu dute. Bigarrengoan, ekintzak martxan jarriko dituzte.

Aukeratutako garapen jasangarrirako helburua izan da Energia Eskuragarri eta Ez-Kutsatzailea eta lelo bezala, Energia, bizitzaren motorra erabili da. Gaia ez da batere erraza izan, «baina aldi berean mamitsua eta gaurkotasun haundikoa».

Ikastetxea bonbila berezi batzuekin apainduz eta ikasle, irakasle eta bestelako partaide guztiak gaiaren inguruan informatuz hasi zuten ikasturtea. Ondoren, bi diagnostiko egin zituzten; bata, eskolakoa; eta bestea, herrikoa. Zenbat eta nola erabiltzen dugu energia? Nolako energia erabiltzen dugu? Nondik dator? Bere kontsumoak duen eraginaz ohartzen al gara?... Diagnostiko hauetatik ondorio batzuk atera zituzten, zer dago ondo eta zer gaizki, bai eskolan eta bai herrian eta nola hobetu dezakegu egoera denon artean. Horretarako, konpromiso batzuk hartu zituzten eta ikasleen esku ez dagoena Udalari eskatuko diote.

 

Ikastetxe guztiak, amankomunean jarri dituzte egindako diagnostikotik ateratako ondorioak, hartutako konpromisoak eta Udalari egin zizkioten atzo proposamenak edota eskaerak.

 

20 Proposamen Udalera

Herriko energiaren egoeraren inguruan egindako lanketaren ondorioz emaitza ezberdinak lortu dituzte eta egindako diagnostikoen arabera, Udalera 20 proposamen zuzendu dituzte. Kale argiteria, eguzki plakak/energia berriztagarriak oro har, sentsibilizazioa, mugikortasuna eta bestelako ataletan banatu dituzte.

Hauek izan ziren proposamenetako batzuk: argiak itzaltzea Udal eraikinetan, Gabonetako argiak, eguzki plakak, fakturak ulertzen lagundu, komunitate energetikoen onurak, Euronet programa, garraio publikoaren maiztasuna, auto elektrikoak kargatzeko lekuak, Kaxkoan zirkulazioa mugatu, dirulaguntzak, bertako produktuak kontsumitzeko erraztasunak, bertako azokak maizago, berogailuen mantenua, falorak...

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!