June Ruiz Belategi Espainiako txapeldun izan da esgriman

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 00:00
June Ruiz Belategi podiumeko lehenengo postuan..

Hernaniarrak, sable modalitatean lortu du urrezko domina M-15 mailan, Tres Cantosen.

June Ruiz Belategi hernaniarrak, joan den larunbatean, Madrilgo Tres Cantos herrian jokatutako txapelketan, M-15 mailako Espainiako esgrima txapelketa, sable modalitatean, irabazi zuen. Sable modalitatean, Estatu osoko 36 tiratzailek hartu zuten parte, eta Donostiako Fortunako tiratzaile hernaniarrak txapelketa bikaina egin zuen.

Poulean bost asaltoak irabazi ondoren, lehen multzoburu bezala pasa zen kanporaketa zuzenetara. Hurrenez hurren irabazi zuen final-zortzirenetan, final-laurdenetan eta finalerdietan, eta Madrilgo Club Sala de Armas klubeko Ines Higuerasen aurka jokatu zuen finalean izan zen txapeldun. Final oso lehiatua izan zen eta 10-13 galtzen joan arren, Junek markagailua irauli zuen, bost ikutu jarraian lortuta eta 15-13 irabazi zuen.

 

June Ruiz Belategi podiumeko lehenengo postuan.

 

Urrezko domina honek amaiera ezinhobea eman dio denboraldi bikainari, txapelketa honetaz gain, estatu mailako rankingaren gorenean kokatzen baita.

 

Azken bost ikutuak jarraian egin zituen June Ruiz Belategik

 

Punta puntan nazioarte mailan ere bai

Ezin aipatu gabe utzi Junek Jordanian eta Kroazian jokatutako Mediterraneoko Jokoetan parte hartu duela Espainiako Selekzioarekin, brontzezko domina lortuz Jordanian eta merezimenduzko bosgarren postua Kroazian. Igor Otaegi esgrima maisu donostiarrak, entrenatzen du. 

June Ruiz Belategi datorren larunbatean lehiatuko da Santanderren, Espainiako Kadete Mailako Txapelketan, eta ekainaren 3an, Donostian, Euskadiko Txapelketa absolutua izango du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!