Hernaniko kanpoko Udal Jolas Igerilekuak ekainaren 15ean, ostegunarekin, irekiko dira

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 00:00
Kanpoko igerilekuak ekainaren 15ean irekiko dira.

Abonatu txartela eginda edo aldian aldiko sarrera erosita sartu ahalko da. Abonatu txartelak gaurtik egin daitezke.

Uda eta jai egunak hurbiltzen ari dira eta horrexegatik, Hernaniko jolas igerilekuak ekainaren 15an irekiko dira eta irailaren 10era arte erabili ahalko dira. Bi modu daude bertara sartzeko: abonatu txartela eginda edo aldian aldiko sarrera erosita. Abonatu txartela gaurtik aurrera egin daiteke, online edo aurrez aurre kiroldegiko bulegoan. Jolas igerilekuetan bertan egiteko aukera ere izango da, ekainaren 15etik aurrera.

Sarrerak erosi nahi dituenak online egin dezake, igerilekuetako kanpoaldeko makinan edo harreran bertan. Egun berean edo bezperan eros daitezke txartelak. Harreran jende pilaketa saihesteko online aukera erabiltzea gomendatzen dute. Beti bezala, Hernaniko eta Astigarragako kiroldegietako abonatuek prezio berezia izango dute.

Gogoan izan behar da instalazioaren aforoa edo edukiera 1.500 pertsonakoa dela. Abonatuentzat erreserbatzen dira edukieraren bi herenak (1.000) eta, beraz, egunero salgai jartzen den sarrera kopurua mugatua da. Hala izanik, abonatua izanagatik ere inork ez du sarrera ziurtatua izango, igerilekuko edukiera ezingo baita gainditu.

 

Tornu bat gehiago jarri da ilarak saihesteko

Uretan, berriz, gehienez 500 lagun izan daitezke aldi berean. Jendetza haundiko egunetan, bandera gorria jarriko dute eta uretan sartzeko 20 minutuko txandak ezarriko dira.
Ildo horretan, aipatu behar da, urtero bezala, udal jolas igerilekuetako unean-uneko okupazioa zein den jakin nahi duenak
kirola.hernani.eus webgunean ikusi dezakeela; bertan uneoro eguneratuko dute datu hori.

Igerilekuetan bertan, sarreran jarriko duten pantailan ere, ikusi ahalko da okupazio mailaren datua. Erabiltzaileei gomendatzen zaie igerilekuetara joan aurretik okupazioa begiratzea. Aurten berritasun batzuk egongo dira instalazioetan: batetik, tornu bat gehiago jarriko dute, ilarak saihesteko, eta, bestetik, irisgarritasuna bermatzeko asmoz, beheko igerileku haundira sartzeko belardia egokitu da.

Igerilekura sartzeko prezioak ondorengoak dira: Hernaniko eta Astigarragako kiroldegietako abonatuentzat familiarra 77,10 euro; banakakoa 51 euro; eta adingabea 33,70 euro. Ez abonatuentzat familiarra 153,20 euro; banakakoa 100,90 euro; eta adingabea 61,25 euro. 

Eguneko sarrera solteen prezioak dira:  18 urtez azpikoa 5,40 euro; 18 urtez azpikoa, 17:30etatik aurrera 2,85 euro; 18 urtez gorakoa 7,90 euro; 18 urtez gorakoa 17:30etatik aurrera 4 euro; 3 urtez azpikoa 2,75 euro; 3 urtez azpikoa 17:30etatik aurrera 1,40 euro eta 6 hilabetez azpikoa doan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!