'Badon*' opera Korrikaren ekitaldi kultural nagusia izango da azarotik

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 00:00
'Badon*' operak irabazi du lehenengo sorkuntza beka.

Egitasmoa Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Bekaren irabazlea izan zen.

AEKk aurreko edizioan aurreratu zuen bezala, hurrengo Korrikak ekarriko duen berrikuntzetako bat kultur lan baten ekoizpena izango da, Korrika Kulturalaren aterkiaren pean eskainiko dena azarotik aurrera. Horretarako, Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Beka jarri zuen abian.

Prozesu hau guztia Badon* izeneko lanean gauzatuko da; Ines Osinaga Urizar obraren sustatzaileak azaldu duenez, «opera garaikide» bat. «Hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu» baten emaitza dela dio Osinagak, «sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituenak». Formatuari dagokionez, artistaren esanetan, «interesatzen zaiguna da opera egitura “hackeagarri” bezala dela, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat». Halaber, dramaturgiaz gain, «baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta baita mugimendua, literatura eta bertsoak ere izango ditugu Badon* unibertsoa sortzeko».

 

Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia, zabalik

Bestetik, Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia ireki duela ere jakinarazi du Elordik. Oinarriek diotenez, beka-deialdian parte hartzeko dokumentazioa 2023ko urriaren 31rako aurkeztu beharko da, beranduenez.

Euskal sortzaile ororentzat izango da, diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, eta lanaren emanaldiek agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute. 

Kultur Sorkuntzarako Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!