«Ekofeminismoaren ardatz nagusiak mahaigaineratzea izango da ikastaroaren helburuetarako bat»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 00:00
Mirene Begiristain eta Marta Barba.

Maiatzaren 27an 'Alternatiba ekofeministak' izeneko ikastaroa eskainiko dute  Mirene Begiristainek eta Marta Barbak, Kulturarteko Plaza Feministan. Goizeko 09:30etatik 13:00etara bitartean izango da ikastaroa. Begiristainek eta Barbak ikastaroaren nondik norakoak azaldu dizkiote, Kronikari.

Zein da ikastaroaren 
helburua?

Lau helburu nagusi ezarri ditugu: ekofeminismoaren ardatz nagusiak mahaigaineratzea; gaur egungo gatazka ekosozialetan ekofeminismoari buruzko galderak zeintzuk diren eta feminismoaren eta ekologismoaren arteko harremana azaltzea; begirada ekofeminista lantzen ari diren proiektuak identifikatzea eta konpartitzea; eta ikuspegi ekofeministatik gogoeta kolektiboa egitea, egun ditugun kontsumo produkzioak edo harreman ereduak interpelatuz. 

 
Zer da ekofeminismoa?

Ekofeminismoa 70. hamarkadan sortzen den mugimendua da. Françoise d’Eaubonnek jarri zion izena, baina horrek ez du esan nahi aurretik ez zegoenik. Pentsamendu korronte bat da, eta, era berean, mugimendu sozial bat, praktika batzuk barnebiltzen dituena. Ekologismoaren eta feminismoaren arteko loturak jasotzen ditu, eta abagune bat bihurtzen da krisi ekosozialak mahaigaineratzen dituen arazoei buruz hausnartzeko, eta teoria eta praktikaren arteko mugak gainditzeko. Izan ere, teoria eta praktika uztartzen direlako ekofeminismoaz hitz egiten hasten garenean, eguneroko arazoei heldu behar diegulako. 

 
Nola lotzen dira ekologia eta feminismoa?

Ekofeminismoan korronte ugari daude, eta ikuspegi desberdinekin osatzen da. Badira begirada esentzialistagoak, kulturalistagoak, espiritualistagoak, momentu batzuetan sozialistagoak eta erradikalagoak ere bai; baina, korronte guztien gainetik, funtsezko premiak batzen dira. 

Harreman estua dago emakumeen zapalkuntzaren eta naturaren suntsiketaren artean. Horregatik, krisi ekologikoa ez litzateke soilik izango analisi antropozentriko baten ondorioa, ez da bakarrik gizakia beste izaki bizidunen gainetik jartzen dela.  Androzentrismoarekin ere lotura estua du; hau da, ikuspegi maskulinoak femeninoen gainetik jartzearekin eta kultura eredu jakin baten inposizioarekin. Antropozentrismoaren eta androzentrismoaren eraginez logika baten menpe gaude, patriarkatuaren logikaren menpe, non modu dikotomikoan eta hierarkizatuan plantetazen den sistema, eta gizonezko gizakia jartzen den erdigunean. 

 
Zeintzuk dira egungo auzi eta arazo larrienak?

Planteatzen dena da egiturazko arazo bat dagoela, zibilizazio krisi bat dagoela, eta krisi horren adierazpen guztiak oso lotuta daudela: energia krisia, elikadura krisia, zaintza krisia... guztiak krisi baten adierazpenak dira, eta hori da kezkagarriena. Ekofeminismoaz ari garenean, krisi ekologikoaz eta zainzta krisiaz hitz egiten dugu, batik bat.

 
Zeintzuk dira 
ekofeminismoaren erronkak? Eta onurak?

Bizitza erdigunean jartzea izango litzateke erronka, bizitza onaren kontzeptuan sakontzea egunerokoan, eta hor dago gakoa, eguneroko beharrei erantzutean. 

 

Nola jar dezake norberak praktikan ekofeminismoa?

Ikastaroan justu horri helduko diogu, bereziki; nahi ditugulako geuk ikusten ditugun elikaduran, zaintzan, mugikortasunean. Eguneroko praktikak, zaintza krisiari eta krisi ekologikoari, hobeto nola erantzun ahal dioten identifikatuko ditugu, gure herrian eta gure egunerokototasunean dauzkagun zailtasunei erantzuteko.

 

Zein pertsona motari 
zuzendutako ikastaroa da?

Esango genuke, gai horiekin kezkatuta dagoen edonori zuzenduta doala, edota bere egunerokoari bestelako zentzu bat eta koherentzia bat bilatu nahi dion pertsona ororentzat da. Horrekin batera, esan nahiko nuke, modu kolektiboan ere nola erantzun ahal diegun horrelako arazoei, norbanakotik haratago. 

Amaitzeko, aipatu nahiko nuke, ikastaroan eskainiko di­tu­gula zenbait erreferentzi, prak­tiketatik, baita pentsamendutik edota mugimendu sozialetik ere. Ekofeminismoa pentsamendu praktika eta mugimendu sozial gisa ulertuz, zein erreferentzia ditugun Euskal Herrian. Beraz, asmoa hori da, geuk hitz egitea, eta tailer moduko bat ere egin nahi dugu, hausnartzeko elkarrekin gure egunerokotasunera nola eraman ekofeminismoa, elikaduraren arloan, energiaren arloan, mugikortasunaren arloan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!