Haurrak eta ingurune digitala hizpide izango ditu Nagore Garcíak, hitzaldi-tailerretan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 22a, 00:00

Argazkia: https://nagoregarciasanz.com/

Maiatzaren 25ean izango da lehenengo hitzaldi-tailerra, eta bigarrena, ekainaren 1ean. Biak arratsaldeko 17:30etan hasiko dira, Biterin.

Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria Arloak bi hitzaldi antolatu ditu; maiatzaren 25erako eta ekainaren 1erako. Eskuko telefonoa modu autonomoan erabiltzen hasten diren haurren gurasoei zuzendutako hitzaldi-tailerrak dira. Bi zatitan banatuko dira saioak; lehenik, ezagutza teorikoa aurkeztuko du adituak; eta bigarrenik, taldekako hausnarketa sustatuko du. Bigarren saioan parte hartzeko ez da ezinbestekoa lehen saioan parte hartzea, «nahiz eta komenigarria den» aitortu du hizlariak. Saioek edukiera mugatua dute. Izenematea telefonoz egin daiteke, 943 33 70 41 zenbakira deituz, edo online, helbide honetan sartuta: https://labur.eus/haurdigitalak

Hitzaldi-tailerrak Biteriko kultur etxean izango dira, bi saioak arratsaldeko 17:30etan hasiko dira, eta 19:30ak aldera amaituko dira. Saio hauek, Nagore García Sanzek, gizarte komunikazioko aholkulari eta prestatzaileak, eskainiko ditu. García komunikazio zientzietan lizentziaduna da eta haurren eta nerabeen identitate digitalaren inguruan lan egin du urte luzez.

 

Baliabideak eta tresnak

Haurtzarotik gaitasun digitaletan trebatzen dira haurrak. Lehen saioan, haurren erabilera digitala aztertuko dute. Ingurune birtualean haurrek dituzten kontsumo-ohiturak eta erabilerak ezagutu, eta, dinamiken bidez, zalantzak eta esperientziak partekatuko dituzte. Saioaren lehen zatian, zein plataformatan dauden aztertuko dugu eta bigarren zatian, hausnartzen lagunduko diguten jolasak eta dinamikak egingo dira. Bigarren saioan, plataforma digitalen erabileren errealitatea ezagutu ondoren, lagundu ahal izateko jardunbide egokiak eta moduak aztertuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!