36garren Txalaparta Festa ospatuko da gaur Tilosetan goizetik hasita

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00

'Ekai-Txa Txalaparta Xperience'-ekin hasi zen atzo festa.

12:00etan hasiko da Txalagunerekin eta eguraldi txarrarekin Elizatxo ikastolan egingo da.

Txalaparta Festa normaltasunera bueltatuko da aurten eta atzo Biterin, Ekai-Txa Txalaparta Xperience aurkeztu eta gero, gaur Tilosetan jarraituko du 36. Txalaparta Festak. Eguraldi txarra eginez gero Elizatxo ikastolan antolatuko da.

'Hernani' Musika Eskola Publikoko Ttakun Ttan Ttakun taldeak antolatuta, gaur ospatuko dute egun haundia Tilosetan, egun osoan zehar, topaketarekin, bazkari herrikoiarekin, jaialdi nagusiarekin eta txalaparta partyarekin amaituta.

12:00etan hasiko da Txalagune ekitaldiarekin: Txalaparta Eskolen Topaketan parte hartuko dute Araiako Kolpez Kolpeko ikasleek, Andoaingo Maizorri taldeak eta Oiartzungo txalaparta eskolak.

14:00etan indarrak hartuko dituzte bazkari herrikoiarekin. Txartelak aurrez erreserbatzea komeni zen, 16 eurotan.

Jaialdi nagusia, arratsaldeko 17:00etan hasiko da. Bertan, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak hartuko dute parte eta ondorengo taldeek eskainiko dituzte emanaldiak: Saustako Zuaznabartarrak, Erbetegi-Etxeberriko Goikoetxeatarrak, Gipuzkoatik Donostia eta Zarautzeko Zurartean Txalaparta Elkarteak, Bizkaitik Ekai-Txa taldea, Arabatik Araiako Kolpez Kolpeko txalapartariak, Nafarroatik Lodosako malkoak TX taldea eta Hernanitik Ttakun Ttan Ttakun eskolako txalaparta taldea.

Txalaparta Festarekin amaitzeko, Tilosetan 23:00etatik aurrera, Txalaparta Party aparta antolatu da DJ Barru eta txalaparta saio libreekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!