Doberak bere ibilbidearen erakusketa antolatu du datorren asterako

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00
Tobera joka hasierako urteetan.

30garren urteurrena ari da ospatzen eta Biterin egongo da ikusgai etzitik ostiralera arte.

Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak 30 urte bete ditu, jada hiru hamarkada daramatza euskeraren normalizazioaren bidean, «eta zoritxarrez, oraindik bide luzea dugu aurretik...». Doberaren 30 urteak behar den bezala ospatzeko, adin ezberdinetarako eta mota askotako ekintzak antolatzen ari dira.

Hasteko, etzitik ostiralera, Biteri Kultur Etxeko erakusketa gelan, «30 urtez euskararen normalizazioaren bidean (1993-2023)» erakusketa egongo da ikusgai. Bertan, besteak beste, «Doberaren historia eta hiru hamarkada hauetan martxan jarritako proiektuak gertuagotik ezagutu ahal izango ditugu. Horretaz gain, erakusketak iraun bitartean, astean zehar ekintza ezberdinez gozatzeko aukera ere izango dugu Biterin bertan».

Etzi, astelehena, 19:30etan, solasaldia izango da Doberako sortzaileen eta sortu berri den Burrunba Gazte Euskaltzaleen Elkarteko kideen artean. Hauekin batera, Irati Sarasua izango da saioa gidatzen. Sarrera irekia eta doakoa izango da, Biteriko erakusketa gelan.

 

Zapotxin, Biterin asteartean 

Maiatzak 23an, asteartean, 17:30etan, Zapotxin pailazoaren emanaldia antolatu da. Zapotxinen lehenengo saioa izango da, estreinaldia. Esan, galtzerdi maitea antzerki musikatua da eta mundu guztiko doinuak izango dira entzungai: Euskal Herrikoak, Irlandakoak, Mexikokoak... (Areto Nagusian). Sarrerak 3 eurotan daude salgai, Doberako bulegoan.

Maiatzak 26an, ostiralean, 19:00etan, erakusketaren itxiera ekitaldia antolatu da. Elkartearen alboan egon direnekin batera topa egingo dute, «euskeraren normalizazioaren bidean elkarrekin jarrai dezagun!».

Iraila eta azarora begira ere hainbat ekitaldi berezi eta erakargarri antolatzen dabiltza eta laster izango duzue hauen berri!

Euskera elkartearen ideia, 1991ko abenduan hasi zen pizten herriko gazteen artean. Hori horrela, 1992ko apirilean euskalgintzaren munduan zenbiltzan herritarrei bilera baterako deialdia luzatu zitzaien. Handik aurrera, ostiralero-ostiralero bilerak egiten hasi ziren Biteriko sukalde gelan, txokolate artean (forma ezberdinetako txokolatea egiten aritzen ziren bertan). Urtebetera sortu zen Dobera Euskara Elkartea, 1993ko apirilean, herrian euskeraren erabilera bultzatzeko eta euskal kultura indartzeko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!