Euskal Herriko Bakarkako Sega Ligako bigarren jardunaldia jokatuko dute bihar Jauregin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00

Mikel Lizartza eta Luixa Uzkudun, Bakarkako Sega Ligako lehenengo jardunaldiko irabazleak.

Arratsaldeko 17:00etan hasiko da jardunaldia, eta sarrera doakoa izango da. Guztira, 37 segalarik parte hartuko dute, Gipuzkoa zein Nafarrokoak: 20 emakume, 17 gizonezko eta 10 haur ariko dira, Almitzak antolatutako proban.

Aurten 65 urte beteko dira Jauregi jatetxeko zelaietan lehenengo sega ekitaldi bat antolatu zela, eta bihar ere, sega txapelketa jokatuko da bertan, arratsaldeko 17:00etan. Almitza elkarteko segalariek, Euskal Herriko Bakarkako Sega Ligaren XIV. edizioaren bigarren jardunaldia jokatuko dute, eta ikusleentzat sarrera doakoa izango da. Jauregi segaren historiako plazarik garrantzitsuenetakoa izan da, eta bertan jokatu dira Euskal Herriko desafio eta txapelketa garrantzitsuenetako batzuk. Almitza Sega Elkarteak ere bertan antolatu zuen Europako Txapelketa, eta orain berriz bueltan dira, Euskal Herriko Ligaren bigarren jardunaldiarekin.

Elkarteko 37 kidek parte hartuko dute, Gipuzkoakoak zein Nafarroakoak: 10 emakume, 17 gizon eta 10 haur ariko dira belarra mozten. Biharkoa izango da bigarren saioa, eta Altzon amaituko da Liga, ekainaren 3an. Emakumezkoek 35 metro karratu moztu behar dituzte, 5x7 metroko lursailetan; eta gizonezkoek 100 metro karratu, 10x10 metroko lursailetan.

Era berean, aurten ere Europako Sega Txapelketa izango da uztailean, Eslovenian egingo duten topaketan. Almitzako kideek Altzoko saioaren emaitzekin jakingo dute nortzuek ordezkatuko duten Euskal Herria, Europa mailako txapelketan. Guztira, hamar gizon eta bost emakume sailkatuko dira. Azkartasun txapelketa erakargarria izaten da, eta jende asko biltzen da belardietan.

Mikel Lizartza eta Luixa Uzkudun izan ziren lehenengo jardunaldiko irabazleak

Euskal Herriko XIV. Bakarkako Sega Ligari, Nafarroako Etxalekun eman zitzaion hasiera, eta Mikel Lizartza tolosarra eta Luixa Uzkudun leaburuarra izan ziren garaileak. Haiek daude Ligako sailkapenaren buruan.

Gizonezkoetan, Mikel Lizar­tzaren ondoren, Miel Mari Jau­regi Altzo sailkatu zen, eta on­doren, honakoa izan zen sail­kapena: Julen Gabirondo, Bixente Mitxelena, Oier Urkola, Amaiur Arrospide, Jokin Mikeo, Akaitz Jauregi, Oier Mitxelena, Gorka Bildarratz, Iñigo Etxabe eta Mattin Etxarri.

Emakumezkoen artean, berriz, Luixa Uzkudunen atzetik honela sailkatu ziren: Ainara Otamendi, Alaitz Imaz, Ainhoa Mazkiarain, Jugatx Agirre, Izadi Arrospide, Sheyla Sarasola eta Susana Lopez.

Beteranoetan hiru segalari aritu ziren. Pabi Astondoa izan zen azkarrena, bigarren Joakin Garmendia, eta hirugarren Jose Luis Lizartza. Gazteen mailan, berriz, bi kategoria bereizi dituzte. 10-12 urtekoen artean, lau parte hartzaileak gazteluarrak izan ziren, eta honakoa izan zen sailkapena: Irati Tome, Xare Iriondo, Mari Olazar eta Haizea Larrañaga. 13-15 urte artekoetan, berriz, June Mikeo ez beste guztiak ziren gazteluarrak, eta honela sailkatu ziren: Inge Goikoetxea, Nahia Aranzabe, Lorea Zunzunegi, June Mikeo, Aner Zunzunegi eta Xuban Gartzia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!