Londresera bidaia zozketan, Hernanin bertan kontsumitzeko ohitura sortzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko maiatzaren 20a

Herritar bat, zozketan parte hartzeko kartilla buzoian uzten.

Oso kanpaina berezia jarri du martxan Berriak Hernaniko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak, bigarren urtez jarraian. Eta ez da harritzekoa, ikusita aurrenekoak izan zuen arrakasta, eta herritarren artean sortu zuen mugimendua eta jakinmina.

Londresera bi lagunentzako bidaia zozketatuko dute ekainaren 6an, Britainia Handiko hiriburuan hiru gaueko egonaldia egiteko. Eta parte hartzea oso erraza da; nahi adina aldiz parte hartu daiteke, gainera. Horretarako, parte hartzen duten establezimenduetan dauden kartillak bete behar dira, eta buzoietako batean utzi, elkartearen egoitzan eta zenbait establezimendutan.

Kartillak betetzeko, ordea, sei zigilu beharko ditugu. Nola lortu horiek? Parte hartzen duten dendetan, ostalaritza establezimenduetan eta zerbitzuetan kon­tsumituta. Horietako bakoitzean, zigilu bat jarriko digute, eta sei ezberdin lortu beharko ditugu, zozketan parte hartzeko. Ekainaren 2ra arte dago horretarako aukera, eta nahi adina kartilla bete eta entregatu ditzake bakoitzak ordura arte!

Parisera bidaia zozketatu zuten joan den urtean, eta oso harrera ona izan zuen herritarren artean: «Kartilla kopuru bat prestatu genuen, baina hiru aldiz egin behar izan genituen, agortu egin zitzaizkigulako», nabarmendu du­te Berriak Elkartetik. Askoz ere gehiago egin dituzte aurten, «baina ez dakigu nahikoa izango diren...». Establezimenduek garbi zeukaten: «Merkatariek eta ostalariek esan ziguten, hori errepikatu beharra zegoela, beste bidai bat zozketatuta».

Kanpaina honekin, saritu nahi dute bezeroen fideltasuna, eta animatu nahi dituzte herrian bertan erosketak egitera eta kontsumitzera. Guztira, 98 denda, ostalaritza establezimendu eta zerbitzu daude kanpainaren barruan, eta beraz, oso oso zabala da aukera. Gainera, zigilua lortzeko ez dago kontsumizio minimorik: «Helburua da herritarrak mugitzea establezimendu batetik bestera, eta ezagutzera ematea herrian daukagun aniztasuna. Izan ere, denetik daukagu Hernanin».

Hernaniarrak herriko establezimenduetara gerturatzea da garrantzitsuena, eta «erosketak herrian bertan egiteko ohitura hartzea». Kanpaina honek balio dezake, hain justu, konturatzeko ez dela beharrezkoa kanpora edota internetera jotzea, behar dugun hori erosteko.

Berriak Elkartetik nabarmendu dute, gainera, ez dela garai ona izaten ari merkatarientzat, erosketak «arraro xamar» dabiltzalako; besteak beste, udaberrian egon arren negu giroa izan delako maiz. 

Hegazkina, hotela eta gosariak, sariaren barne

Hernani Bidaiakekin koordina­tu­ta antolatu du bidaia Berriak Elkarteak, eta sariaren barne izango dira hegazkinean joan-etorria, hotela eta gosariak. Da­ta sarituak zehaztuko du, epe baten barruan: irailetik aurrera egin daiteke bidaia, datorren urteko otsailaren bukaerara arte. Gainera, bidaia tokatuz gero, sarituak aukera dauka beste norbaiti oparitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!