Azoka koloretsuenak hartuko du Urbieta kalea gaur, lore eta landareen hamaika postu, tailer eta jolasekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 20a, 00:00

Hainbat herritar, joan den urteko azokaren postu batean.

Bederatzigarren edizioa izango du Hernaniko Lore eta Landare Azokak, goizeko 10:00etatik 14:30etara. Denetik aurkituko dute bisitariek postuetan: barruko landareak, lore urtsuak, kosmetika, artisau produktuak, bitxiak...

Beste urte batez, lore eta landareek koloreztatuko dute Urbieta kalea gaur, Hernaniko Lore eta Landare Azokaren bederatzigarren edizioarekin, Hernaniko Udalak, Behemendik eta Dekolorek antolatuta. Goizeko 10:00etan zabalduko dituzte postuak, eta 14:30ak arte izango da horiek bisitatzeko aukera.

Hamar postu jarriko dituzte, eta denetik aurkituko dute horietan, bertaratzen diren bisitariek. Lore urtsuak eta sukulentak ekarriko ditu Oiartzungo Islaya loredendak. Iurretako Ortuberrik, bere aldetik, lore eta landare barietate zabala izango du postuan, eta garaiko eta barruko landareak Usurbilgo Urtineak. Artisau produktuak eta kosmetika lantzen dutenen hiru postu izango dira: Aritzkurengo Tienduka, Lekunberriko Sojo Natura, eta Aizarnako Sara Letamendia. Lore prentsatua lantzen duen artisau donostiar bat ere izango da azokan, eta lore, landare eta elementu begetalekin bitxiak egiten dituen Flores Ganchillok ere ez du hutsik egingo, Billabetatik etorrita. Aurreko urteetako beste postu bat ere izango da, Atxondoko Tissus Artisautzarena, eta lore lehorrak, banbuak eta eukaliptoak ekarriko ditu. Eta azkenik, tomate landare mota ezberdin askorekin jarriko du postua Donostiako Haziakek.

Tailerrak eta egurrezko jolasak, haur eta gazteentzat

Lore eta landareen postuez gain, haur eta gazteentzako txokoak ere izango dira azokan. Horrela, egurrezko jolasak izango dira batetik, eta tailerrak bestetik. Aurrena, lore prentsatua lantzeko tailerra izango da, goizeko 11:30etatik 12:30etara; eta ondoren, landaketa tailerra egingo dute, 12:30etatik 13:30etara. Bietan parte hartzea irekia da, eta nahikoa izango da bertara azaltzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!