'Eulizakuaren zarata' antzezlana aurkeztuko du, hernaniar talde batek, ekainaren 15ean Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 19a, 00:00

Antzezlanean parte hartuko duten herritarrak.

20:30etan izango da, sarrera doan da eta gonbidapenak Kulturarteko Plaza Feministan edota Kide tabernan eskatu behar dira.

Datorren ekainaren 15ean Eulizakuaren zarata antzerki obra aurkeztu da Hernanin. Antzerkia Hernaniko herritar talde batek antolatu eta antzeztuko du, arratsaldeko 20:30etan Biteri kultur etxean. Euskeraz izango da eta gaztelerara eta zeinu hizkuntzara aldibereko itzulpena egongo da. Sarrera dohainik izango da, eta gonbidapenak hartzeko Kulturarteko Plaza Feministara edota Kide tabernara jo beharko da. Horrez gain, proiektua ekonomikoki sostengatzeko txapak eta poltsoak jarriko dituzte egunean bertan herritarren eskura.

Eulizakuaren zarata antzezlanean, «herria eulizakua da. Eraso eta indarkeria matxista berriz, zarata. Komunitatearen papera: eulizakua. Nor izan da? Zarata. Indarkeriaren etenik gabeko gurpila: eulizakua. Zer egin dio? Zarata. Normalizatua, barneratua, etengabe erreproduzitzen duguna: eulizakua. Nola eten zirkulua?».

Antolatzaileek sormen prozesua nola izan den azaldu dute. «Duela urte batzuk, indarkeria matxistako eraso batzuen kudeaketarako prozesu komunitario bat abiatu genuen. Urte hauetan zehar, hainbat urrats eta lanketa ezberdin egin dira arlo horretan, eta ikasturte honekin batera prozesua ixtera goaz. Prozesuan zehar landutakoak hernaniarrekin eta herritarrekin modu zabalagoan partekatzeko asmoz sortu da antzerkia egitearen ideia, eta eraso matxista askotarikoen aurrean bizi ohi diren egoera ezberdinak herritarrei aurkeztea dugu xede».

Antolatzaileek antzerkia ikusi eta bertan aurkeztuko diren egoerez denon artean hausnartzera gonbidatu nahi dituzte hernaniar guztiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!