Etzirako Lore eta Landare Azoka bereziaren IX. edizioa antolatu dute Dekolore elkarteak, Behemendik eta Udalak elkarlanean. Hitzordua, etzi larunbatean izango da, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:30etara bitartean. Guztira 11 postuk hartuko dute parte, hala ere, Udalak jakinarazi du postu bat zalantzan dagoela, beraz, agian 10 postu izango direla aurreratu du. Atzo azaldu zituzten azokaren nondik norakoak, Jaione Irazu Merkataritza eta Turismo teknikariak, Ainhoa Amundarain Behemendi Landa Garapeneko ordezkariak, eta Juantxo Pollacino Dekolore elkarteko ordezkariak.
Azoka Urbieta kalera itzuliko da eta bertan, aukera zabala eskainiko dute antolatzaileek, hala nola, lore eta landaren naturalak, kosmetikako eta medikuntza naturaleko produktu artisauak, sendabelarrak eta loreekin egindako artisautza-lanak. Eta horrez gain, Juantxo Pollacinok nabarmendu du haurrentzako tailerrak eta jolasak ere egongo direla: «aukera izango dute landare txiki bat landatzeko, gero azalduko diegu nola zaindu behar duten eta etxera eramateko aukera izango dute, noski. Eta landareez gain, egur jolasak ere antolatu dira».
Amaitzeko, antolatzaileek herritarrei bertaratzeko deia egin diete; eta Dekolore elkarteak eta Behemendi Landa Garapen elkarteak Udalari eskerrak eman dizkiote: «urtero lore eta landare azoka egiteko aukera emateagatik eta laguntzeagatik»