Udalak argitu du «okerrak» direla etxegabetzeari buruzko albisteko zenbait datu

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 17a, 00:00

Hernaniko Udalak adierazi du «lehentasunezkoa» dela pertsonen «pribatutasuna, duintasuna eta integritatea babestea», kasu guztietan.

Ekainaren 7an Hernanin familia bat etxegabetuko dutela salatu zuen Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak, Kronikara helarazitako prentsa ohar baten bitartez; eta horren berri eman zuen Kronikak, joan den astelehenean, maiatzaren 15ean.

Albiste horren harira, argibide batzuk eman nahi izan ditu Hernaniko Udalak: «Albiste horretan agertzen diren zenbait datu okerrak dira».

Zentzu horretan, Udalak adierazi du bere «lehentasuna» dela «egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza profesionala modu integralean ematea, eta horretan ari dira Zerbitzu Sozialetatik. Kasu honetan ere, hilebeteetan aritu dira lanean. Beste kasu guztietan bezala, kasu honetan ere, lehentasunezkoa da pertsonen pribatutasuna, duintasuna eta integritatea babestea».

 

Albistean argitaratutako baieztapenak, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuarenak

Albiste horretan, komatxo tartean ageri ziren Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak eginda­ko salaketa eta adierazpen batzuk, eta beste batzuk, aldiz, komatxorik erabili gabe, bestelako formula batzuekin. Gaiak daukan konplexutasunagatik, eta komatxoen erabilera horrek sor­tu lezakeen eztabaida eta na­has­menagatik, Kronikak honakoa argitu nahi du: albiste horretan argitaratutako baieztapen guztiak, komatxoekin edo gabe, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuarenak direla, eta ez Kronikak berak eskainitako datuak eta baieztapenak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!