Gaur da LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta maiatzean zehar, horri lotutako zenbait ekimen antolatu dira, hala nola, Parketik Plazara Amatasunen Topaketa, Zinegoak eta atzo, 'Armairutik Plazara!' dokumentalaren proiekzioa eta mahaingurua.
Arratsaldean elkarretaratzea, EHGAMek eta Loratuz Lotuk
Gaurko egunari indarra emateko asmotan, kontzentrazioa antolatu dute Loratuz Lotuk eta EHGAMek, arratsaldeko 19:00etarako, Plaza Berrin. Hernaniko Udalak bat egin du mobilizazioarekin, eta adierazpen instituzionalean ondorengoa azpimarratu du, besteak beste: «Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte berdinzale, inklusibo eta anitza lortzeko. Hernaniko Udaletik eta Berdintasun Kontseilutik berdintasunerako eskubidearen eta sexu- eta genero-identitateagatiko zein sexu-orientazioagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko dugu, aniztasunaren bizipen askea sustatzeko helburuarekin».
Era berean, antolatzaileek kontzentrazioarekin bat egiteko deia luzatu dute: «hernaniar guztion gorputz, identitate eta harremnatzeko moduak askatasunetik eta burujabetzeatik bizitzea bilatzen dugu. Beraz, anima zaitezte kontzentraziora!».
Maiatzaren 27an, ikastaroa
Maiatzeko hilabetea borobiltzeko, Alternatiba ekofeministak ikastaroa eskainiko dute hilaren 27an, goizeko 09:30etatik 13:00etara. Mirene Begiristainek eta Marta Barbak eskainiko dute, eta parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik: hernani.eus/emakumeentzako-jabetze-eskola webgunean, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbide elektronikoan, edo 943 33 70 17 telefonoan.