Ekainaren 7an familia bat etxegabetuko dute Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 15a, 00:00

Elkano kaleko 33 portalean 10:00etan izango da eta Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak elkarretaratzea deitu du 09:30etan.

Otsailean salatu zuen bezala, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuarekin antolatuta dagoen familia bat etxegabetze arriskuan dago berriro ere. «Otsailean etxegabetzea atzeratzea lortu bagenuen ere, orain behin betiko kaleratze data iritxi zaigu; Ekainaren 7an (asteazkena), goizeko 10:00etan, Elkano kaleko 33 portalean izango da eta idatzi honekin etxegabetze hau gelditzera deitzen dugu», nabarmendu du Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak.

Diotenez, gaur gaurkoz, ez dago inongo alternatibarik, «antolatu eta borrokatu ezean kale gorrian geratuko dira. Beraz, familia honen etxegabetzea geratzeko eta etxebitzitza alternatiba bat exijitzeko elkarretaratzea deitu dugu ekainaren 7an (asteazkena) goizeko 09:30etan Hernaniko Elkano 33 portalean».

Alokairuaren titularra familiako aita zen, baliabide ekonimikoak zituen kide bakarra. Etxetik joan zenean eta alokairuaren prezioa ordaintzeari utzi zionean, «udal laguntzarik gabe», alokairuaren prezio altuak ordaindu ezinik eta beste inora joan ezinik geratu zen familia. «Hau da, bertan bizi diren pertsonen egoera guztiz zaurgarria bada ere, kontratuaren titularitatea eurena ez denez etxegabetzeak aurrera jarraitzen du. Gertakari honekin, hasieratik ikusten ari gara, indarrean dagoen moratoriaren zein onartu berri duten etxebizitza legearen eraginkortasun eza. Etxegabetze gutxi batzuen exekuzioa atzeratzen badu ere, ez du arazoa konpontzen eta kasu asko, hau bezala, legetik kanpo gelditzen dira», gogorazi nahi dute sindikatuko kideek. 

 

«Udal instituzioetatik familiarentzat beste aukerarik ez dagoela diote»

Honetaz gain, Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatuak «Hernaniko Udalak etxegabetzea exekutatzeko izaten ari den konplize jarrera ere» salatu nahi du. «Familiako kideari errolda eta honekin lortu daitezken laguntzak ukatu dizkiote eta azken aste honetan eskaini zaion alternatiba bakarra, hilabeteak iraungo duen balorazio prozesu baten ondorioz iritxiko litzake, iristekotan. Izan ere, jakin badakite otsailetik daudela etxegabetze arriskuan eta orain arte beraien kabuz etxetik joatera bultzatu dituzte». 

Bitartean, «udal instituzioetatik familiarentzat beste aukerarik ez dagoela diote, denok dakigunean Hernanin ehundaka etxe huts ditugula, tartean instituzioen jabetzakoak direnak ere bai».

Buruntzaldeako Etxebizitza Sindikatutik argi dute gaur egungo egoera zein den eta gaur egun dagoen gizarte antolamenduak zer eragiten duen, instituzioetan agintzen alderdi bat edo bestea egon. «Garbi geratzen da, beraz, etxebizitza etekin ekonomikoa bermatzeko merkantzia dela eta ordaindu ezin duena bertatik kanporatzen jarraituko dutela. Azken batean, hori izaten ari da Udalaren funtzioa: batetik, kapitalisten etekinak bermatzea, ordaindu ezin duten maizterrak kanporatuz eta hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzen direla ziurtatuz; eta bestetik, etxebizitza arazoa arazo politiko bilakatzen ez dela ziurtatzea, etxegabetuei miseriazko alternatibak eskainiz, zeozer eskaintzekotan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!