«Herri bizi eta bizigarriago baten alde» aritzeko programa, aurkeztuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00
Aitor Lukas, EH Bilduren zerrendako kidea, proiektuetako bat azaltzen.

Herri programaren aurkezpena egin zuen Hernaniko EH Bilduk, ostegun arratsaldean, Biterin elkartuta.

Maiatzaren 28ko Udal Hauteskundeei begira, herri programa aurkezteko saioa egin zuen Hernaniko EH Bilduk, ostegun arratsaldean Biterin. Dozenaka lagun elkartu ziren bertan, EH Bilduren asmoak ezagutzeko. «EH Bildutik beti aipatzen dugu, herri bizi eta bizigarriago baten alde egingo dugula lan, eta guk martxan jartzen ditugun proiektu guztiak horretara bideratuta egongo direla. Ez dugu bizi nahi bizitzarik ez daukan herri batean, Donostiaren ondoko ciudad dormitorio batean. Eta horretarako, errekurtsoak jarri behar dira udaletik», azaldu zuen Xabier Lertxundik, egungo alkate eta EH Bilduren alkategai denak: «Argi daukagu herriko eragile eta elkarte guztiek ematen diotela bizitza herriari, beraiei esker dela horrelakoa Hernani; baina errekurtsoak behar dituzte lanean jarraitzeko».

Zerrendako beste hiru kidek, Patxi Ibargurenek, Aitor Lukasek eta Amaia Minerrek, aurkeztu zituzten EH Bilduren proiektuetako batzuk, datorren legegintzaldirako: kultur auditorioa eta lur azpiko parkina Urumea erai­kin zaharraren eremuan, «denon bi­zitzak erdigunean jarriko ditu­en herri ikuspegi inklusiboa», Auzozaintza proiektua auzo guztietara zabaltzeko konpromisoa, energia sortu eta herritarren eskura jartzeko asmoa, etxebizitza sozialei lehentasuna ematea, auzoen eraberritzearekin jarraitzea, eta irisgarritasuna bermatzeko igogailu berria Portu eta Elizatxotik erdigunera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!