«Hernaniko herritarrei entzun nahi diegu, baita gainerako talde politikoei ere»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Juan Crespo Ferran, Hernaniko PPren zerrendaburua.

1991ko Udal Hauteskundeetan bezala, Hernaniko PPren hautagaia izango da Juan Crespo Ferrán donostiarra. Ez du inongo «marra gorririk» jarri nahi, eta «indarberrituta» bezain «gogotsu» dago Crespo: «Hemen gaude berriro, ilusio handiz, umiltasunez, eta, aldi berean, anbizioarekin».

Azken legeltzaildietan alderdi popularrak ez du zinegotzirik lortu. Zein izango da 2023ko hauteskundeetan helburua?

Gure ordezkaritza berreskuratu nahi dugu, 1995etik 2007ra arte izan genuena, gure hauteslea umezurtz geratu ez dadin. Azken udal hauteskundeetan ezin izan diote Alderdi Popularrari botoa eman, ez garelako aurkeztu. 

2011tik ez dugu ordezkaririk, eta azken hiru hauteskundeetan ere ez dugu hautagaitzarik aurkeztu. Hori zuzendu behar genuen anomalia bat zen, eta hemen gaude, ilusio handiz, umiltasunez, eta, aldi berean, anbizioarekin. 

 

EH Bilduk gehiengo absolutuz gobernatu du azkeneko lau urteotan. Zein balorazio egiten duzue legegintzaldi honen inguruan?

Begirunea diot Xabier Lertxundiren eta bere taldearen udal kudeaketari. 2019an Luis Intxausperen lekukoa hartu zuenetik erabaki dexenterekin asmatu du, nahiz eta hobetu beharreko zenbait kontu ere badauden. 

 

Beharrezkoa bada, norekin egingo zenituzkete akordioak gobernatzeko?

Hasteko, ez diogu inori marra gorririk jartzen, eta pentsamendu hori aldebikoa izatea espero dugu. Logikoa denez, gai globalagoetan eta ideario politiko eta sozial orokorretan kidetasun handiagoa izango dugu talde politiko batzuekin (EAJ eta PSE) beste batzuekin baino, baina ez dugu baztertzen inorekin lan egitea eta itunak adostea. 

Zentzuzkoa da gogoratzea udal baten kudeaketak foru gobernu, gobernu autonomiko edo gobernu nazional baten kudeaketak baino askoz alderdi tekniko eta zehatzagoak dituela; horregatik, errazagoa da beste talde politiko batzuekin bat egitea. Nire esperientziaz konta dezaket batzarkide izan nintzen garaian behin baino gehiagotan bozkatu nituela HBren proposamenak, EAJk eta PSEk proposatzen zutenaren aurka, Garraio eta Errepide Batzordeko idazkaria izan nintzenean.

Gogoan dut, adibidez, diputazioko kiroldegi baten kokapenarekin lotutako gai bat, non HBko batzarkideek irtenbide hobea proposatzen zuten. Konponbide horiek babesteak ez du esan nahi ikuspegi desberdinak izango ditugun beste gai global batzuetan bat etorri behar dugunik.

Jarrera eraikitzaileak aldarrikatu nahi ditut, guztion artean lan egiteko, elkar ulertzeko eta itun handiagoak lortzeko. Herritar guztien onerako izango da hori, bidean aurrera egiteko.

 

Zeintzuk dira zuen helburuak eta erronkak?

Hernaniko herritarrei entzun nahi diegu, baita gainerako talde politikoei ere. Ez dugu inolako barita magikorik, baina bai ilusio handia, elkarlanerako jarrera berria, lanerako gaitasun handia, esperientzia industrial, ekonomiko eta kulturala Gipuzkoan, Hernaniren zerbitzura jartzeko.

Gainerako udal-taldeekin lankidetzan aritu nahi dugu hernaniarren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean; aire freskoa eta udal arin eta eraginkorrago bat egingo duten erreformak txertatu nahi ditugu. Guzti hori, Hernaniren garapen ekonomikoa, komertziala, industriala, turistikoa eta kulturala hobetzen laguntzeko.

Baldintza modura jartzen ditugu hernaniarren bizitza hobetzea, oinarrizko eskubideak errespetatzea, pertsona bakoitzaren askatasuna jardun sozialean, enpresarialean eta hezitzailean (benetako hezkuntza-askatasuna, gurasoei protagonismo osoa emanez, herrialde komunistetako berezko esku-hartzerik gabe), bizitzarekiko errespetua, kontzepziotik heriotza naturalera arte, eta pertsona bakoitzaren adierazpen-askatasuna.

Ideiak eta arrazoibideak azaltzeko askatasunarekin, bestearen ideiak gustatzen zaizkigunean eta gustatzen ez zaizkigunean. 

Juan Cresporen aurkezpena egin zuten Landaren, pasa den igandean.
 

Zer nolako taldea osatu du alderdi popularrak hauteskunde hauterako?

Askotariko eta diziplina anitzeko taldea: profil profesional desberdineko emakumeak eta gizonak, humanistak eta juridikoak, ingeniariak eta ekonomista teknikariak. Guztiak dira potentzial eta motibazio handiko pertsonak. Zerrendako burua ni naiz, Juan Crespo, Industria Ingeniaria, eta MBA IESE, finantza, aseguru eta industria eta telekomunikazio sektoreetan esperientzia duena (https://www.linkedin.com/in/juancrespoferran/), Foru Aldundian esperientzia duena (1995-99 legegintzaldiko batzarkide-prokuradorea), autonomoa, eta aseguru eta inbertsio-funtsen saltzailea.

Ni izan nintzen Hernaniko alkatetzarako PPren historiako lehen hautagaia 1991n. Garai hartan Gipuzkoako Alderdi Popularreko presidente zen Gregorio Ordoñezek (ETAk 1995eko urtarrilean hil zuen) proposatu ninduen, Gipuzkoako PPren gazte erakundeko burua nintzenean (PPren Belaunaldi Berriak), eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako Donostialdeko hautagaitzako PPren taldean ere sartu nintzen, 95-99 legealdian batzarkide izan nintzelarik. Une hartan (1991ko Udal Hauteskundeetan), ia botoak bikoiztu genituen, baina, hala ere, gutxi batzuk falta izan zitzaizkigun lehen zinegotzia lortzeko.

1995ean Javier Urbistondok ordezkatu ninduen (ni batzarkide hautatu ninduten eta Donostiako zerrendan ere laguntzen nuen) eta Hernanin gure lehen zinegotzia izan zen (Javier Urbistondo), jarduera interesgarri bat burutuz. Ondorengo hauteskundeetan Juan de Dios Román zinegotzia ere izan zen; 2003an bi zinegotzi izatera iritsi ginen (Garzon epaileak HB legez kanpo utzi zuen eta hauteskunde horretan boto baliogabe asko izan zen Ezker Abertzaletik etorritakoa, baina dena ez zen Euskal Herritarrok taldera joan).

 

Zeintzuk dira Hernaniren beharrak eta erronkak, zuen ustez?

Hernanik potentzial handia du merkataritzan, industrian eta zerbitzu-hiri gisa, bai eta gune turistiko eta kultural handi bat ere. Nabarmendu nahi ditut multinazionalak Cementos Rezola Italciment-ekin, industria-enpresa ertainak, makina-erremintaren sektoreko enpresa asko eta enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen ehun handi bat, Hernanik datozen bost urteetan modu dinamiko eta iraunkorrean hazi behar duela suposatzen dutenak. Ekimen pribatu osoaren katalizatzaile lana egingo duen talde bat behar da, hazkunde horrek guztiak lanpostu berriak ekar ditzan.

Nabarmendu nahi dut, baita ere, Hernaniko turismoaren gainditu gabeko gaia. Kultura-zentro publiko eta pribatuen jarduera handiak bultzatuta (Chillida Lekuk, esaterako, museorik inklusiboenaren saria jaso berri du), gure hiria erakarpen-gune on bat bihurtu dezaketelako Donostialdean.

 

Zein gaietan jarriko duzue indarra bereziki? Zeintzuk izango dira zuen lehentasunak?

Lankidetza publiko-pribatuaren sustapenean. Horrez gain, herritarrei entzuteko eta hitz egiteko gogoz gaude, baita udaleko talde GUZTIEKIN hitz egiteko ere.

 

Aparkaleku faltak arazo izaten jarraitzen du. Nola konponduko zenukete?

Aparkaleku berriak egin nahi dituzten enpresentzat lurzoru baldintza onak ematea proposatzen dugu; aldi berean, bizikleta eta garraio publikoa sustatzea. Donostiako Udalarekin akordio bat egitea ere proposatzen dugu DBIZI hedatzeko.

 

UEMAn sartu berri da Hernani. Nola ikusten duzue euskeraren erabileraren egoera Hernanin, eta zein izango da PPren lan ildoa bide horretan?

Euskararen erabilera eta euskal kulturaren azterketa sustatu nahi ditugu. Baina, aldi berean, lanpostua betetzeko garrantzitsuak ez diren lanpostuetan edo gaietan euskara inposatzera daraman diskriminazio ororen aurka gaude; batez ere teknikarien kasuan, profil tekniko txarragoak aukeratzearen aurka baikaude, soilik euskara hobeto menderatzen dutelako. Euskara gehiago hazten da kulturalki erakargarria denean, ez zatiketa sortzeko inposatzen denean; horrek gaitzespena eragiten du jendearengan.



Landare inguruan egin zuen hautagaiaren aurkezpena Hernaniko PPk


Juan Cresporekin batera egon zen Mikel Lezama, Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaia.


Aurreko igandean egin zuen Hernaniko PPk Juan Cresporen aurkezpena. Landare inguruan eskaini zuten prentsaurrekoa, eta Crespok berak hartu zuen hitza. Hautagaiak nabarmendu zuen ilusio haundiarekin onartu duela Borja Corominasen proposamena: «Hogeita hamabi urte beranduago, eta ilusio haundiz, Hernaniko Udaleko alkatetzarako hautagai gisa aurkezten naiz berriro. Umiltasunez aurkezten naiz alkatetzarako, orain udalean dauden taldeekin elkarlanean aritzeko, eta, aldi berean, irmo, ausardiaz eta anbizioz». 

Hasteko, Alderdi Popularrak Hernanin dituen asmoak azaldu zituen hautagaiak: «Ondo egiten ez dena zuzentzeko, eta Hernaniko herritarren bizitza hobetzeko helburua lortzeko ondo bideratuta dauden udal proiektuekin elkarlanean aritzea da helburua».

Behin baino gehiagotan azpimarratu zuen gainontzeko alderdiekin hitz egiteko gogoa duela, eta ez diola inori aterik itxiko: «Ez dut alderdi bakarreko mentalitaterik, beste herrialde eta garai batzuetan bezala. Benetan uste dut alderdi ezberdinetatik ongizate orokorrari ekarpena egin diezaiokegula».

Hitzartzea eskertzarekin amaitu zuen Crespok: «Eskerrak eman nahi dizkiet Manuel Larreari, Borja Corominasi eta Mikel Lezamari. Baita gure Idazkari Nagusi den Jorge Motari eta horrenbeste laguntzen nauten Gipuzkoako Alderdi Popularreko beste hautagaiei ere». 

Horrez gain, Hernaniko herritarrei laguntza eskatu zien Crespok, eta «gogor» lan egingo duela nabarmendu zuen: «Hernaniko herritarrei laguntza eskatzen dizuet. Jakin dezazuela eraikitzeko eta elkarlanean aritzeko jarrerarekin natorrela, gainerako taldeek proposatzen dituzten gauza onetan laguntzeko, eta gaizki daudenak irmoki zuzentzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!