Gazte Eguna ospatuko dute gaur Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Kontrakantxak antolatuta, egun osoko festa izango da: futbito txapelketa, bazkaria, txaranga, kontzertuak...

Kontrakantxa gaztetxeak antolatuta, Hernaniko Gazte Eguna ospatuko dute gaur, herriko txoko ezberdinetan. Egun osorako egitaraua prestatu dute, eta goizeko 10:30etan ekingo diote, Futbito Txapelketaren azkeneko fasearekin, final fourrarekin. Latsunbeko futbol kantxan jokatuko dute, orain arteko lau talde onenek, txapeldun izateko lehian.

Futbol partiduen ondoren, Tilosetan elkartuko dira, eta bazkaria egingo dute eguerdiko 14:00etan. Tiketak aurrez erosi behar ziren, 12 euroan, Goiz Argi eta Txili tabernetan. Gainera, bertan banatuko dituzte Futbito Txapelketaren sariak.

Arratsaldean, berriz, Kaxkoko kaleetara zabalduko dute Tilosetako festa. Izan ere, Eztanda txarangaren eskutik, kalez kale ibiliko dira, 18:00etatik aurrera. Eta gauean ere izango du segida musikak, kontzertuak eskainiko baitituzte Kontrakantxa gaztetxean, 22:00etatik aurrera: Mehatxuka eta Istilu taldeak ariko dira aurrena, eta disko jartzaileek jarriko diote errematea egunari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!