Gaur eta bihar erabakiko dira Euskal Ligako finalaurrekoak, Landaren

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Argazkia: HCRE.

Elorrio hartuko dute gaur 18 urtez azpikoek, eta Gaztedi, bihar, 16 urtez azpikoek.

Gaur eta bihar jokatuko dituzte Hernaniko taldeek Euskal Ligako finalaurrekoetako itzuliko partiduak. 18 urtez azpikoek gaur jokatuko dute, goizeko 11:00etan, Elorrioren aurka. 16 urtez azpikoen txanda, aldiz, bihar iritsiko da; Gaztediren bisita jasoko baitute, 10:30etatik aurrera. 

Denboraldi bikaina osatu du 18 urtez azpiko taldeak. Urrian hasi zuen liga erregularra, eta hasieratik argi geratu zen koxka bat gorago zegoela Hernani. Hemezortzi jardunalditan 17 garaipen eskuratu ditu, aldeko emaitza haundiekin gehienak, eta sasoi betean iritsi da denboraldi amaierara. Hamaikagarren postuan amaitu zuen liga Elorriok, 11 garaipen, berdinketa 1 eta 5 porrotekin, eta sekulako partidua jokatu beharko dute bizkaitarrek kanporaketa gainditzeko. Izan ere, joaneko partiduan errepaso galanta eman zien Hernanik, 0-41 irabazita.

Antzeko ibilbidea osatu du aurtengo ligan 16 urtez azpiko taldeak. Lehenengo postuan bukatu zuten liga, 14 jardunalditan porrot bakarra jasota, eta finalera sailkatzeko puntuan daude. 

Pasa den asteburuan zazpigarren postua eskuratu zuten Estatuko Txapelketan, baina etxekolanak eginda joan ziren Valladolidera. Euskal Ligako joaneko partiduan 19-21 irabazi zuten Gasteizen, eta bi puntuko errenta mantentzea edo haunditzea izango da Landareko zeregina.

Euskarians Selekzioko emakumeak, Landaren

Asteazken arratsaldean Landaren entrenatu zuten Euskarian Selekzioko emakumeek. Pablo Feijook eta Gorka Buenok gidatutako saioan, iparraldeko eta hegoaldeko 30 emakume aritu ziren. Gainera, proiektuari eta lan saioari buruz hitz egin ahal izan zuten bertaratutako pertsonek, Euskarianseko Zuzendaritzarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!