«Egiteke dauden inbertsioak gauzatzea eskatuko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00
Ricardo Crespo Rubio, Hernaniko PSE-EEren hautagaia.

Ricardo Crespo Rubio izango da, hirugarren aldiz, Hernaniko PSE-EEren hautagaia. Gogotsu dago, EH Bilduren gehiengo absolutua amaitzeko «benetako aukerak» ikusten dituelako: «Espero dugu kalean dagoen EH Bilduren kudeaketarekiko desadostasuna bozketetan islatzea, eta ordezkatzen dugun alternatibaren alde egitea».

Hainbat legegintzaldi dira Hernanin zinegotzi zarela. Zerk bultzatzen zaitu jarraitzera?

Duela 12 urtetatik irauten duen EH Bilduren gehiengo absolutua amaitzeko benetako aukerak. 2019an 23 botora geratu ginen hori lortzeko.

 

EH Bilduk gehiengo absolutuz gobernatu du azkeneko lau urteotan. Zein balorazio egiten duzue legegintzaldi honen inguruan?

EH Bilduk gehiengo absolutuarekin gobernatu du azken 12 urteetan, ez azken 4 urteetan bakarrik. Herritarrek ikusten dute gehiengo absolutu horrek oso gutxirako balio izan duela. Hau izan da inoiz bizi izan dudan legealdirik txarrena, inposizioarena eta ideia arraroena. Adibidez, Urbieta kalea; non enpresa bat ia Hernanitik joaten den, non diru publikoa erabiltzen den “Hernani Burujabe” inguruan negozioak sortzeko edo laguntzeko. Ahaztutako inbertsioena; hala nola, Goiz Eguzkin egiteke dauden obrak, kiroldegia edo Floridako bidea, dirudienez aurrera jarraitzen ez duena. EH Bilduk herri txikia garela pentsatzen jarraitzen du, herri txikiko zerbitzuekin, eta horrela doakigu.

 

Nolakoa izan da harremana Gobernu Taldearekin? Eta nolakoa izan beharko luke zuen ustez?

Bakoitzaren izaerarekin zerikusi handia du. EH Bilduko zinegotzi batzuekin harremana hobea izan da eta elkarrekin lan egitea posible izan da. Beste batzuekin, aldiz, mesfidantzazkoa izan da, eta ez da elkarlana egin, inposaketa baizik.

 

2019ko udal hauteskundeetan indarra galdu zuen PSE-EEk. Zer nolako emaitzak espero dituzue oraingoan?

Ez nago ados PSE-EEk 2019an indarra galdu izanarekin. 2015arekin alderatuta, gora egin genuen botoetan. Espero dugu kalean dagoen EH Bilduren eguneroko kudeaketarekiko desadostasun sentimendu hori bozketetan islatzea; jendea bozkatzera joatea eta sozialistok ordezkatzen dugun alternatibaren alde egitea.

 

Gobernatzeko, gainontzeko alderdiekin akordioak egiteko prest zaudete?

Azken 12 urteetan EH Bilduk gehiengo osoa lortu du, baina ez du ezertarako balio izan, ez dugu ikusten Hernanik hobera egin duenik. Beraz, gobernatzeko akordioak lortzeko prest gaude, noski, baldin eta Udal Gobernuan zertarako deitzen diguten jakiten badugu. Sozialistok programa bat dugu eta Hernani gobernatzeko baliatu nahi dugu, baina Hernaniko EH Bilduk ez du halako ohiturarik.

 

PSE-EEren Hernaniko zerrendakideak, Leokan.

Zer nolako taldea osatu du PSE-EEk hauteskunde hauetarako?

Esperientzia duen eta aurpegi berriren bat duen taldea. Hauteskunde zerrendan nirekin batera daudenak hernaniarrak dira, erakundeetan eta sektore pribatuan esperientzia dutenak; hala nola, langileak, autonomoak eta funtzionarioak. Hernanirekin konprometituta dauden pertsonak, egunerokoan kalean daudenak eta Hernaniko bizilagunekin normaltasunez erlazionatzen direnak.

 

Zeintzuk izango dira PSE-EEren ildo nagusiak datozen lau urteotan?

Egiteke dauden inbertsioak gauzatzea eskatuko dugu; ahaztuta dauden auzoetan jardutea, Lizeagan edo Osinagako mugikortasunean, esaterako. Uste dugu udalak auzoetara gehiago hurbildu behar duela eta horregatik bulego ibiltari bat proposatzen dugu. Ez zaigu gustatzen herritarrek taldeetan parte hartzeko eredu hori, negozioetarako diru publikoa bideratzen duena. Gobernatuko bagenu, dirulaguntzak birbideratuko genituzke. Interes haundia dugu eguzki plaken bidezko energia sorkuntzan; baina bada inoiz jorratzen ez dugun gai bat: uraren kudeaketa. Premiazkoa da, halaber, Floridatik trafikoari irteera bat emateko jardutea, baina Hernanik Galarretatik igarotzen den saihesbidearekin lotura bat merezi duela ere uste dugu.

 

Zeintzuk dira Hernaniren beharrak eta erronkak, zuen ustez?

Hainbat gai larri ditugu; lehena, metatutako urte guztietako atzerapenengatik, inbertsio plan bat egitea litzateke. Bestalde, etxebizitzarekin arazoak ditugu, herritarren parte hartzea desitxuratu egin da legegintzaldi honetan, eta biztanleria zahartzen ari den garaian gaude. Hori izango da etorkizuneko erronketako bat, zalantzarik gabe. Etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen ezinegonari buruzko informazioa ere iritsi zaigu. Horrez gain, gure ustez EH Bilduk tokiko merkataritzari laguntzeko egiten duen apustu nagusiak, Ekhiak, diru publikoari esker baino ez du funtzionatzen, eta tokiko merkataritza egoera txarrean dago. Azkenik, aurten areagotu egin dira Txotx denboraldian sortutako arazoak...

 

Zein gaietan jarriko duzue indarra bereziki? Zein izango dira zuen lehentasunak?

Egiteke dauden inbertsioak. Auzoetan eta gai zehatzetan herritarren parte hartzea sustatzea, Atez Atekoa edo Urbieta kalearen benetako oinezkotzea, besteak beste. Udal instalazioak hobetzea, hala nola, kiroldegia edo Goiz Eguzki. Aparkalekua. Herritarrentzako gizarte laguntzak. Edo ingurumen eta energia politikak. Osinagako zubietan jarduketak egitea proposatu dugu, Kaxkoan zuntz optikoa sartzea, kotxe elektrikoetarako kargagailuak jartzea, larrialdietarako mugikorrerako mezuen zerbitzua, patinete elektrikoetarako ordenantza berri bat, eta hori guztia aho batez onartu da osoko bilkuran, baina EH Bilduk ez du aurrera egiten.

 

Udalak pilatutako gerakinaren harira, salatu izan duzue EH Bilduren kudeaketa kaxkarra dela eta aurrekontuak eta inbertsioak gauzatzeko ezintasuna duela... Nolakoa izan beharko luke kudeaketak, zuen ustez?

Egiteko dauden inbertsioen plan bat egitea, asko baitira. Exekutatu izan balira, ez genuke hainbeste diru izango erabili gabe. Arazoa da urtez urte milioiak metatzen ditugula soberakinen, EH Bilduk izan duen gauzatze ahalmena proiektuen %30a gutxigatik gainditu izan delako.

 

Inbertsioei dagokienean, proposamen zehatzik baduzue?

Denbora daramagu Osinaga auzora mugitzeko irtenbide bat eskatzen. Elorrabiko oinezkoen zubia, Osinagako zubi esekia dagoen lekura eramatea; eta Elorrabiko zubian, beste bat jartzea ibilgailuak igarotzeko. Bestalde, “Sagar Eskola” bat sortzea proposatzen dugu sagarraren eta sagardoaren munduaren inguruan jardun dezan; bere elaborazioa, merkaratzea, sagarrondoaren zaintza erakusteko. Urteak daramatzagu Lizeaga, Mañe I Flaquer, Antziola bezalako auzo ahaztuetan modu integralean jarduteko eskatzen, eta ez petatxoekin, egin den bezala. Irtenbide bat eman behar zaio Floridako bideari.

Igogailua behar duten auzoak ditugu, Elizatxo adibidez. Foru Aldundian Galarretako saihesbiderako lotune bat planteatuko dugu, AP-1erako irteera eta sarrera zuzen bat. Zarataren mapako jarduketak egiteke ditugu. Karabelen altuerako aparkaleku bat ere proposatu genuen.

 

Etxebizitza faltaren arazoaren aurrean, zer egingo luke PSE-EEek?

Harrituta gaude etxebizitza tasatuen azken promozioetako prezioekin. Etxebizitza mota horrek prezioari nola eragiten dion aztertu beharko genuke. Lokalen jarduera aldatzeko ordenantzak birplanteatu behar ditugu, lokal gehiago etxebizitza bihurtzeko. Egokiena alokairuko etxebizitzak sustatzea litzateke, baina horretarako baliabide asko behar dira eta udal batentzat zaila da. Aztertu beharko dugu nola eragiten duen Kongresuan onartutako Etxebizitzaren Lege berriak tentsionatutako eremuei eta alokairuaren mugei dagokienez. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak Bizigune programa du, etxebizitza hutsak alokairuan uzten dituzten jabeei bermeak eskaintzen dizkiena. Hernanin alokairurako dirulaguntzak bide onetik doaz, baina baliteke diru sarreren eta alokairuaren mugei dagokienez zaharkituta geratzea; agian, jabeentzako bermeekin uztartu beharko lirateke.

 

Kirol instalazioei dagokienez, zein hobekuntza proposatzen dituzue?

Urteetan arrastaka eraman dugun beste gai bat da. Zubipeko eta Landareko uholdeak murriztu egin beharko lirateke egindako jarduketekin. Gure ustez, guztion artean konpondu behar dugun arazoa da, baina EH Bilduk, bakarrik, Udaleko gainerako alderdiekin hitz egin gabe, ezertarako balio izan ez duten 2 milioi euro horien bandera egin du. Konponbidea ez da erraza, baina, gainera, ez badugu denok laguntzen, bidea zailagoa izango da. Beste zelai bat partekatzea urak hartzen ez duen eremu batean baliteke irtenbidea izatea. Kiroldegiak itoginak izan ditu, gimnasioko makinak ez dira konpontzen, eta kontu horiei arreta handiagoa jarri behar diegu. Atletismo pistan harmaila txiki bat eraikitzea gustatuko litzaiguke; kanpoko igerilekuei erabilera handiagoa ematea. Badakigu klubak entrenatzeko zelairik ez dagoela. Paddel pistaren bat ere nahiko genuke.

 

Auzoei begira, zein izango da PSE-EEren politika? Zer dago lantzeko eta egiteko auzoetan?

Auzo zahartuak eta degradatuak ditugu, eta auzotarrek etengabe eskatzen dute berritzea. Oso garrantzitsua da Lizeaga edo Antziola bezalako auzoak duintzeko birmoldaketa. Udala auzoetara hurbildu beharko genuke, Etxeberrik edo Zikuñagak bulego bat izan beharko lukete izapide oinarrizkoenak egiteko Kaxkora igo beharrik gabe, auzo askotan populazio zahartua baitugu. Denontzat ohikoa den arazo bat dago: aparkalekurik ez egotea...

 

Zero Zabor ziurtagiria jaso berri du Hernanik, baina egungo hondakinen kudeaketa sistemaren kontra azaldu izan zarete. Nolakoa beharko luke?

EH Bilduk Hernaniri ukatu dion kontsulta egingo dugu eta horrekin eztabaida amaituko dugu, gehiengoak nahi duena, emaitzaren beldurrik gabe. Gaur egungo sistema sobera ezagutzen dugu, birziklatzen ikasi dugu. Benetan uste dugu sistema aldatzen badugu birziklatzea ahaztu egiten zaigula? Zakarrontziak kendu dizkigute, Hernani inoiz baino zikinago dago eta hondakinak biltzeko eta kaleak garbitzeko inoiz baino diru gehiago gastatzen dugu.

 

Txotx denboraldiaren inguruan aspaldikoa da eztabaida, bereziki Kaxkoan eragiten dituen kalteengatik. Zein da PSE-EEren 
ikuspuntua, gai horretan? Zer egingo zenukete?

Urteak daramatzagu sufritzen, batez ere Kaxkoko bizilagunek. Mamu hori hazten utzi du EH Bilduk, eta orain ezin du kontrolatu. Ez da horri buruzko erabaki sendorik hartzen, ez da bisitarien etorrera kontrolatzen eta, horrela, ezinezkoa da sortzen diren arazoak saihestea. Bainu publikoak jarri, kanpainak egin edo udaltzainak indartu arren, ez da ezer konpontzen. Beharrezkoak diren adabakiak dira asteburuetan milaka pertsona Hernanira iristen direnean, baina ez dira nahikoak. Bisitariei bizikidetza araudia zorrotzagoa aplikatu beharko genieke jende gehien biltzen den une horietan, eskatu ahalako autobusen etorrera ezohiko tasa baten bidez kontrolatu beharko genuke, eta hirigunetik ibiltzea debekatu.

Badaude hartu beharreko beste neurri batzuk: Etxebizitzak zaratetatik hobeto isolatzen laguntzea egoiliarrei, bide garbiketa handitzea, Udaltzaingoei baliabide gehiago ematea eta Ertzaintzarekiko lankidetza zabaltzea, besteak beste. Era berean, kanpo aholkularitza bat kontratatzea proposatu genuen, irtenbideak aurkitzeko.

 

Aparkaleku faltak arazo izaten jarraitzen du. Nola konponduko zenukete?

Karabelen altuerako aparkaleku bat proposatu genuen, egoilarrentzako guneak bai Karabelen eta Zikuñaga bezalako auzoetan ere. Urumea eraikineko lurpeko aparkaleku batek egoera hobetu lezake, baina agian interesgarriagoa izan daiteke azterlan bat egitea zenbait kaletako aparkaleku lineak aldatzeko, lineako aparkalekuetatik martxaren noranzkoan baterian jartzera pasatuz. EH Bilduk ikerketa bat egin zuen, non esaten zen erdialdean eta La Floridan ez zegoela aparkatzeko arazorik, linea urdinak eta gorriak jarri zirela ordutegiekin; orain, La Floridan etxebizitza berriak eraikitzearekin, esaten da egungo errepideek ibilgailuen handipena jasan ditzaketela, baina arazo berarekin jarraitzen dugu.

 

UEMAn sartu berri da Hernani. Nola ikusten duzue euskeraren erabileraren egoera Hernanin, eta zein izango da PSE-EEren lan ildoa bide horretan?

Hernanin asko aurreratu dugu euskararen erabileran eta ohore handia da horrela izatea. Udalean aspalditik ari dira euskara hutsean lanean, baina egia da askotan muturrera eraman dutela. Euren komunikazioak euskaraz bakarrik jasotzen dituzten hernaniarren kexak iristen zaizkigu eta zoritxarrez, ulertzeko gaitasunik ez dutenez, hirugarrenengana jo behar izaten dute. Eta inork ez du zertan azaldu kontu pertsonalik. Uste dugu udaletik kontu handiagoz ibili beharko genukeela horretan. Bi hizkuntzetan komunikazioak jasotzen dituzten hernaniarren kasuak ere badaude, soilik euskaraz jaso nahi dituztela eskatu dutenean. Gertatu behar ez luketen egoerak dira. Udal Euskaltegia auzoetara hurbiltzea ere proposatzen dugu.

SAILEZ SAIL, MOTZEAN

 

Ekonomia eta ogasuna:

Legegintzaldi honetan ia enpresa bat galdu dugu. Bukatu gabe ditugun industrialdeak aprobetxatu behar ditugu. Ogasunari dagokionez, Aldundiak ematen digun baliabideak urtez urte handituz joan dira, beraz urteren batean zergak izoztu behar ditugu.

Enplegu sustapena:

Enpresak eta merkataritza erakartzeko baldintzak bermatzea, horiek baitira enplegua sortzen dutenak. Batez ere, babesgabeko sektoreetan enplegua sustatzea.

Euskara eta hezkuntza:

Euskalduntzeko laguntzak sustatzea eta balio demokratikoetan oinarritutako hezkuntza sustatzea ikastetxeetan.

Kultura:

Kultur ekintza integratzaileak sustatzea, ikuspegi bakarra inposatu gabe.

Hirigintza eta ingurumena:

Udaleko saila berrantolatu egiteke dauden proiektuekin abiadura har dezan.

Jarduera fisikoa eta kirola:

Gure azpiegiturak hobeto mantentzea kirola egitea bermatzeko. Buruntzaldera itzuli.

Merkataritza eta turismoa:

Merkataritzarako egungo dirulaguntzak birbideratzea eraginkortasun handiagoa lortzeko. Gure baliabide turistikoak gehiago aprobetxatu behar ditugu.

Politika sozialak:

Zahartzea izango da erronka nagusia urte hauetan.

Zerbitzu publikoak

Inoiz baino gehiago gastatzen dugu eta Hernani inoiz baino okerrago daukagu, zikinago, okerrago zainduta, lorategi abandonatuak...

PSE-EE UDAL ZERRENDA-HERNANI

1. Ricardo Crespo Rubio
2. Maria Jesus Ruiz Ochoa
3. Jesus Maria Lopez Sanchez (Independentea)
4. Maria Nieves Jimenez Rol
5. Pablo Peñacoba Alamo
6. Eva Maria Alvarez Martinez (Independentea)
7. Aitor Gurruchaga Folla
8. Maria Celia Rodriguez Dominguez (Independentea)
9. Manuel Bello Miranda
10. Natividad Cerdan Martinez
11. Paulino Garcia Montejo
12. Estefania Morcillo Cerdan
13. Guillermo Perez Areta (Independentea)
14. Margarita Monroy Morea (Independentea)
15. Alfonso Mendez Arroyo
16. Maria Ines Cerrato Montecelo
17. Fernando Gorjon Manojo
18. Ana Maria Rubio Mateos (Independentea)
19. Jose Morcillo Guerrero
20. 
Maria Angeles Rubio Dominguez
21. Antonio Cano Jimenez

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!