«Hernaniarrengandik gertu egotea da gure erronka nagusia»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00

Bosgarren aldiz, Andoni Amonarraiz Gómez izango da Hernaniko EAJko alkategaia. Udaletxea ederki ezagutzen du eta baita Hernani ere: «Lan arloan gertatu zaidan gauzarik onena da nire herriak kargu publikoa izatea eta hernaniarren bizi-kalitatea hobetzeko aukera izatea».

Hainbat legegintzaldi dira Hernanin zinegotzi zarela. Zerk bultzatzen zaitu jarraitzera?

Ez naiz ni jarraitzen duen bakarra, zinegotzi batzuk bagara urteak daramatzagunak lanean Hernani hobe baten alde; hala egin dugu, bai oposizioan egon garenean, bai gobernatu dugunean. Nire kasuan esan dezaket lan arloan gertatu zaidan gauzarik onena dela nire herrian kargu publikoa izatea eta hernaniarren bizi-kalitatea hobetzeko aukera izatea. 

 

EH Bilduk gehiengo absolutuz gobernatu du azkeneko lau urteotan. Zein balorazio egiten duzue, legegintzaldi honen inguruan?

Gehiengo absolutuarekin gobernatu dute azken 12 urteetan, eta gehiengo hori gabe, 4 urte gehiago. Dirulaguntzen erregeak dira, eta badirudi, beraientzat, gobernatzea beren ideologiarekin bat datozen era guztietako elkarteak sustatzea eta hauek bizirik irauteko dirulaguntzak ematea dela. Etxebizitzen eraikuntza geldirik izan dute; ez dira gai Atez Atekoa aztertzeko, EH Bilduk beste udalerri batzuetan egin duen bezala; ez dute ahalmenik izan onartu dituzten inbertsioak gauzatzeko, etab.

Ez dute Udala kudeatzen jakin, eta ez da EAJ-PNVk esaten duen zerbait, Hernanin bizi den edonork ikusten du. 2018an onartutako proiektu batzuk egin gabe daude… Udaletxe honetan ez da inoiz hainbeste diru egon kajoi batean gordeta. Zertarako? Hernanik asko du hobetzeko, baina horretarako kudeaketa eraginkorra behar da. Agintzearekin soilik ez da nahikoa, agindutakoa bete egin behar da legegintzaldian.

 

Nolakoa izan da harremana Gobernu Taldearekin? Eta nolakoa izan beharko luke zuen ustez?

Gutxietsi egin gaituzte, ez digute informaziorik eman, eta gobernu-taldearen etsai gisa tratatu gaituzte, kolaboratzaile gisa kontuan izan beharrean. Ildo horretan mugitu da harreman politikoa. Gure ustez Udal baten funtzionamenduan, gobernu taldeko kideek zein oposiziokoek zuzenean izan beharko lukete izan daitezkeen arazoen berri, eta ez prentsaren bidez; guztiek izan beharko lukete konponbideak lantzeko aukera. Era berean, garrantzitsua da, eta hala egingo dugu, ordezkari politikoek Udalaren ordezkaritza-ekitaldietan parte hartzea.

 

Bigarren indarra izan zarete Hernanin. Zer nolako emaitzak espero dituzue oraingoan?

Irabazteko helburuarekin aurkezten gara beti, eta irabazten ez badugu, gobernatzen saiatuko gara. Herri honetara etorri denak edo bertan bizi denak badaki Hernaniko dinamika aldatu beharra dagoela. Garbiketa, trafikoa, aparkalekuak, enpresak, etxebizitza, adinekoak, ezinduak, kirola, enpleguaren sustatzea… Guztiak eboluzionatu behar du eta Hernani EH Bilduk sartu duen zirkulu negargarri honetatik atera behar dugu. Ikus daitekeenez, zerrenda luzea da, eta ez da kasualitatea. Bizi dugun paralisiaren ondorioa da.

 

Gobernatzeko, gainontzeko alderdiekin akordioak egiteko prest zaudete?

Gu Hernaniren alde egiteak mugiarazi eta mugiarazten gaitu, eta ez dugu arazorik beste alderdiekin gobernatzeko. 2003-2007an hiru alderdik gobernatu genuen, eta legegintzaldi ona izan zen, lan ona egin genuen. Hernaniarrei 2023ko otsailean gogorarazi genien moduan, auzoak birgaitu genituen, igerileku irekiak eraiki genituen, gizarte-zerbitzuak hobetu genituen, etab. Emandako hitza bete genuen, eta Hernanik bilakaera izan zuen. Gaur egun, legealdi hartan egin ziren hobekuntza eta proiektuez gozatzen jarraitzen dugu.

 

Zer nolako taldea osatu du EAJk hauteskunde hauetarako?

Enpresa pribatuaren zein publikoaren kudeaketan ezagutza duten pertsona beteranoak ditugu, eta baita gure herria hobetzeko gogoa duten gazteak ere. Hernaniar guztientzat esperientzia, ezagutza, indarra eta lan egiteko gogoa dugu.

 

Zeintzuk izango dira EAJ-PNVren ildo nagusiak datozen lau urteetan?

Etxebizitzak Hernanin duen ataskoarekin amaituko dugu, batez ere BOEak eraikiz; adinekoen bizi-kalitatea hobetuko dugu; udalerriaren erdigunean lurrazpiko aparkaleku bat egingo dugu; desgaitasuna duten pertsonei administrazioan lanerako sarbidea erraztuko diegu; klub guztietako kirol-instalazioak hobetuko ditugu; auzoetako irisgarritasuna hobetuko dugu; Gudarien plaza birgaituko dugu, Atez Atekoa kenduko dugu, hernaniarrak kontratatuko dituzten eta kalitatezko enpleguak izango dituzten enpresak Hernanin instalatzea sustatuko dugu, etab. Hainbeste dago egiteko!

 

Zeintzuk dira Hernaniren beharrak eta erronkak, zuen ustez?

EAJ-PNVren erronka nagusia da hernaniarrengandik gertu egotea, eta ez hauteskundeak egiteko hiru hilabete falta direnean bakarrik. Aldian-aldian auzo-elkarteekin egon behar da, eta gu alkatetzan bagaude hernaniarrek beti izango dute alkatearengana jotzeko aukera.

Udalbatza 21 zinegotzik osatzen dute eta guztiok egin ditzakegu ekarpenak Hernani hobetzeko. Gainera, Hernanik munduan irla bat izateari utzi behar dio, non EH Bildurekin lotura duten sektoreak soilik sar daitezkeen.

 

Zein gaietan jarriko duzue indarra bereziki? Zein izango dira zuen lehentasunak?

Etxebizitza, Atez Atekoa, ingurumena, lehen sektorea, merkataritza, adinekoak, ezinduak, irisgarritasuna, gizarte-zerbitzuak, migrazioa, trafikoa, aparkalekua, kirola, kultura inklusiboa... EAJ-PNVren lehentasuna bakarra da, HERNANI, eta berriro ere garai batean izan zen bezala, erreferentea izatea. Gobernatzeak gure herriak dituen beharrak asetzea dakar, eta, guk antzeman ditzakegunak ez ezik, herriak esaten diguna entzun behar da. Inor ez da atzean geratuko.

Udalak pilatutako gerakinaren harira, urtero salatu duzue EH Bilduren kudeaketa kaxkarra dela eta 
aurrekontuak eta inbertsioak gauzatzeko ezintasuna duela... Nolakoa izan beharko luke kudeaketak, zuen ustez?

Erraza da, baliabide guztiak jarriko ditugu zergak ordaintzen dituzten hernaniarrek inbertsioak gauzatuta ikus ditzaten. Inbertsioak gauzatzeko teknikariak behar badira, kontratatu egingo dira, eta ez dugu inoiz gastatuko diru publikoa EH Bilduk egin duenaren antzeko zerbait egiten, adibidez, Urbieta kalean. Ez dute gastatzen eta egiten dutenean tinglado hori muntatzen dute. Inbertsioen partidaren %35 gauzatu dute, batez beste, urtean.

Etxebizitza faltaren arazoaren aurrean, zer egingo luke EAJ-PNVk?

Hiru jarduera-eremu: 2011z geroztik EH Bilduk egiten jakin ez dituen AMRko etxebizitza babestuen eraikuntzaren ataskoari soluzioa ematea, urte horretan onartu baitziren Arau Subsidiarioak; Hernaniko etxebizitzen eraikuntza, besteak beste, arautzen duen Jarduketa Programa aldatzea; eta, azkenik, merkataritza-lokalak etxebizitza gisa erabiltzea arautzen duen ordenantza aldatzea (hori behin baino gehiagotan proposatu dugu eta esan digute ez zela momentua).

 

Inbertsioei dagokienean, proposamen zehatzik baduzue?

Gudarien plaza egokituko dugu: Zinkonea erdi oinezko egingo dugu; Milagrosako aparkalekua eraikiko dugu; Elizatxo, Etxeberri eta Osiñaga auzoak irisgarriago egingo ditugu; entrenamendurako eta herritarrentzako plazak estaliko ditugu; adinekoentzako bolei pistak egingo ditugu; zuntza Kaxkora eramango dugu; etab. Hernanik behar dituen gaietan murgilduko gara, EH Bilduk gobernatu duen 16 urte hauetan beharrezkotzat jo ez dituen horietan guztietan.

 

Kirol instalazioei dagokienez, zein hobekuntza proposatzen dituzue?

Kiroldegiko makinak behar bezala mantentzeko enpresa bat kontratatuko dugu; kiroldegiko entrenamendu-pistak duten okupazio karga arinduko dugu; futbol eta errugbi klubeko aldagelak hobetuko ditugu; pilota-modalitate guztien beharrak kontuan hartuko ditugu; atletismo-klubak gimnasio propioa izateko aukera aztertuko dugu; kirol-klubetarako bulego egokiak eraikiko ditugu...

 

Auzoei begira, zein izango da EAJren politika? Zer dago lantzeko eta egiteko auzoetan?

Gobernatzen genuen urteetan ohitura bat auzoetako auzo-elkarteekin gutxienez urtean behin biltzea zen. Eguneroko beharrak ondoen ezagutzen dituztenak dira, eta hurbilen daudenak. Ohitura horri eutsiko diogu. Herritarren postontzia jarriko dugu martxan. Bertan, WhatsApp baten edo posta elektroniko baten bidez, herritarrek inguruan ikusten dituzten gabezien berri eman ahal izango dute, eta zuzenean erantzungo zaie.

 

Zero Zabor ziurtagiria jaso berri du Hernanik, baina egungo hondakinen kudeaketa sistemaren kontra azaldu zarete beti. Gobernatzekotan, aldatu egingo zenukete?

Atez Atekoa hondakinak biltzeko sistema bat da, ez hondakinak kudeatzeko sistema bat. Hori argitu ondoren, zikina, garestia eta deserosoa izateagatik kentzearen aldekoak gara. Hondakinen bilketa edukiontzien bitartez egiten den sistema jarriko dugu martxan. Sistema horren bidez, Atez Atekoaren antzeko emaitzak lortzen dira, eta urtean 600.000€ aurrezten dira. Diru hori kaleen garbitasuna hobetzeko, babestutako etxebizitzak egiteko lursailak erosteko, txotx denboraldian gauez etxera bueltatzeko segurtasun falta sentitzen duten pertsonei laguntzeko zerbitzua kontratatzeko eta abar erabil daiteke. EH Bilduk 7 milioi euro baino gehiago bota ditu zaborretara 2010az geroztik, Atez Atekoarekin itsututa dagoelako.

 

Txotx denboraldiaren inguruan aspaldikoa da eztabaida, bereziki Kaxkoan eragiten dituen kalteengatik. Zein da EAJ-PNVren ikuspuntua, gai horretan? Zer egingo zenukete?

Gure ustez, bakoitzak bere etxean atseden hartzeko duen eskubidea errespetatu behar da, eta era berean zer motatako ostalaritza nahi dugun aztertu behar dugu, eskubide hori bete dadin eta saiakera batean gera ez dadin. Hernaniarren segurtasuna ere bermatu behar dugu, eta inork ez dio beldurrik izan behar kalean egoteari edo etxera joateari. Hau lortzen da lan eginez sagardogileekin, ostalariekin, zerbitzu publikoekin, garraio publikoarekin eta bizilagunen elkarteekin elkartuz; udaltzain kopuru egokia kontratatuz; antolaketa ona eginez; eta gaueko laguntza zerbitzua izanez.

 

Aparkaleku faltak arazo izaten jarraitzen du. Nola konponduko zenukete?

11 urte daramatzagu Milagrosako aparkalekua eraikitzeko eskatzen (2022an hernaniar guztiei bidali genien EAJ-PNVk inguru honetarako duen proposamena), hernaniarrentzat eta gure herriko merkataritzarentzat beharrezkoa ikusten genuelako. Urte hauetan guztietan, EH Bilduk esan du ez zela beharrezkoa, eta 2023an konturatu dira ezinbestekoa dela. Hauteskundeen atarian ote gaude eta EH Bilduren 16 urteko gobernuetan egin ez dutena agindu nahi ote dute? Bertakoentzako aparkalekuak ere ezarriko ditugu.

 

UEMAn sartu berri da Hernani. Nola ikusten duzue euskeraren erabileraren egoera Hernanin, eta zein izango da EAJ-PNVren lan ildoa bide horretan?

Egin diren ikerketen arabera, euskara inoiz baino biziago dago Hernanin. Euskararen erabilera sustatzeko politika lehentasuna da gure alderdi politikoarentzat, eta euskararen erabilera normalizatua posible egingo duten ekintzak babesten eta sustatzen jarraituko dugu. Hizkuntzak ez dira elkarren etsai, ezta gure herrian ere.

SAILEZ SAIL, MOTZEAN

Ekonomia eta ogasuna: 

Sailak ondo funtzionatzen du, baina, soberakina badago eta gastatzen ez bada, gure zerga politikak ez du aurreikusten hernaniarrei zergak igotzea.

Enplegu sustapena: 

Ez da ezer egin. Gure herrian enpresak instalatzea eta hernaniarrak kontratatzea erraztu behar da.

Euskara eta hezkuntza: 

Euskarak gure herrian izan duen bilakaera bide onetik doa, baina lanean jarraitu behar dugu.

Kultura: 

Sailari buelta bat eman behar diogu, eta gure ingurura eta udalerrian ditugun kultura ezberdinetara zabaldu behar dugu. Guztiontzat aberasgarria izango da.

Hirigintza eta ingurumena: 

Azken legealdietako desastrerik handiena izan da. EH Bilduk ez du jakin kudeatzen.

Jarduera fisikoa eta kirola: 

Kiroldegiko gimnasioaren gainbehera, futbol eta errugbi zelaiko aldagelak, kiroldegiko entrenamendu pisten saturazioa, etab… Sinestezina da guztia zein egoeratan dagoen ikustea.

Merkataritza eta turismoa: 

Gure ustez EKHI monetarekin erosten dutenei soilik dirulaguntzak emateko politika benetako diskriminazioa da, are gehiago etorkizunik ez duen eredu batez ari garenean. Horrez gain, gogorarazi aparkalekurik ez izatean asko zaildu duela beste eremu batzuetako bezeroak etortzea.

Politika sozialak: 

Ondo ari dira lanean, baina badira ahaztuta dauden sektore batzuk, eta ondo zainduta ez dauden beste batzuk.

Zerbitzu publikoak: 

Beti da beharrezkoa hernaniarren beharrei lehenbailehen erantzutea: garbiketan, argiztapenean, inauketetan, etab. Asko dago hobetzeko.

Zerbitzu sozialak: 

Geroz eta arreta gehiago behar duen saila da. Kudeatu izan dugunean erakutsi dugu EAJ-PNVrentzat beharra dutenei arreta emateak lehentasuna duela.

EAJ-PNV HERNANIKO ZERRENDA

 1. Andoni Amonarraiz Gomez
2. Jose Antonio Cuesta Sole
3. Maria Blanca Alberro Aranzasti (Independentea)
4. Miryam Vazquez Vecino
5. Mikel Gurutzeaga Zubillaga
6. Ismael Ganchegui Gonzalez
7. Bejaneet Ramirez Maya (Independentea)
8. Xubero Ubillos Apaolaza
9. Andoni Gortazar Peñil (Independentea)
10. Maria Jose Martinez Frade
11. Aitor Eyheraguibel Bossert
12. Miren Edurne Urkia
Aldaregia (Independentea)
13. Maria Pilar Ugalde
Agirresarobe
14. Genoveva Aginaga Ortega (Independentea)
15. Felipe Etxeberria Agirretxe
16. Jose Antonio Rekondo Sanz
17. Felix Etxeberria Balerdi
18. Maria Cristina Gonzalez Caballero
19. Maria Concepción Azkue Orayen
20. Jose Ramon Lasarte Elicegui
21. Txomin Gainza San Sebastian (Independentea)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!