«Hernani aktiboago eta bizigarriago bat lortu nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 13a, 00:00
Xabier Lertxundi Asteasuinzarra, Hernaniko EH Bilduren alkategaia.

Bigarren aldiz izango da Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernaniko EH Bilduren alkategaia. Hernaniko alkate izan da azken lau urteetan, eta arduraz onartu du erronka: «Hemen ez gaude interes pertsonalarengatik, herritarren onura bilatzen duen proiektu politiko baten ordezkariak gara».

Alkatetzari jarraipena emateko asmoz aurkeztu zara. Erraza izan da erabakia?

Inoiz ez da erraza izaten. Hemen ez gaude gure interes pertsonalarengatik, herritarren onura bilatzen duen proiektu politiko baten ordezkariak gara eta hori ardura handia da. 

 

Egindako lanari jarraipena ematea da asmoa? Zein balorazio egiten duzue, azkeneko lau urteotako agintaldiaz?

Pandemia batek eta energiaren munduko krisi baten ondorioak bete-betean harrapatu gaituzte eta kudeaketa konplexua izan da. Obra batzuk, adibidez, atzeratu zaizkigu enpresek merkatuan zeukaten ziurtasun ezagatik. Hala ere, behar sozialei erantzun egokia eman diegu. Gobernatzeko eredu berri bat jarri dugu martxan, herritarrekin batera erabakiak elkarbanatu ditugu, herritarren beharrei erantzuteko plan estrategikoak osatu eta martxan jarri ditugu. 

 

Nolakoa izan da harremana oposizioarekin? Eta nolakoa izatea nahiko zenukete?

Harreman zuzena izan da beste udal taldeekin. Udalean hartzen diren erabakien gehiengoa aho batez hartzen dira, askotan prentsan protagonismoa desadostasunek hartzen duten arren. Aurrera begira ere elkarrekin lanean aritu nahi dut.

 

Zer nolako emaitzak espero dituzue? Berriro ere gehiengo absolutua lortzea espero duzue?

EH Bilduk gero eta sektore gehiago erakartzen ditu. Gure nahia da gero eta jende gehiagok bere burua islatua ikustea proiektu honetan. Gehiengo absolutuak ez nau kezkatzen, hori ondorengo eragiketa matematiko bat da. 

 

Bestela, gobernatzeko, gainontzeko alderdiekin akordioak egiteko prest zaudete?

EH Bildu eta neroni beti egon gara akordioak egiteko prest, herria eta herritarren egoera hobetzeko erabakietan. 

 

Zer nolako taldea osatu du EH Bilduk, hauteskunde hauetarako?

Talde plurala osatu dugu. Batzuk udal gestiotik gatoz eta, beste batzuk, herriko mugimenduetatik. Herrian bizi gara eta ondo ezagutzen ditugu herriak dituen beharrak. Gure taldeak oso ondo ordezkatuko du herritarren errealitatea.

 

Hernaniko EH Bilduren zerrendakideak, Kale Nagusian.

Herri aktiboa, jasangarria eta solidarioa izatea izan dira zuen zutabeak. Horri jarraipena emango diozue?

Ildo horiek Hernaniren izaera adierazten dute. Ez dira hitz soilak. Horien atzean politika publikoak egiteko moduak daude. Eragileekin batera egiten dugu lan eta horri esker Hernani arlo askotan erreferente bihurtu da. Harro sentitzeko modukoa da. Hernaniarrak Hernanin gustura bizitzeko lan egingo dugu, denen eskubideak bermatuz. 

 

Zeintzuk izango dira EH Bilduren ildo nagusiak?

Zaintza, herriaren garapen jasangarria, tokikoa -elikadura, merkataritza, ekonomia...- sustatzea eta herri dinamikak laguntzea dira gure lehentasunak. Hori lortzeko zerbitzu publiko indartsuak izatea funtsezkoa da, denok herri honetan modu duinean bizitzeko eskubidea eduki dezagun. 

Azken finean, Hernani aktiboago eta bizigarriago bat lortu nahi dugu. Eta garrantzitsua da nola lortu nahi dugun: lidergoa eta erabakitzeko ahalmena jendearekin partekatzen. Horregatik, eragileen ahalduntzea bultzatuko dugu, herri honen etorkizuna marrazteko erabaki estrategikoak elkarrekin hartzeko. 

 

Urtez urte pilatutako gerakinaren harira, aurrekontuak gauzatzeko kudeaketa gaitasun falta kritikatu izan dizue 
oposizioak. Zer diozue?

Datuen irakurketa partziala eta interesatua da hori. Obra batzuk atzeratu dira eta horrek aurrekontuaren kudeaketan eragina du, baina lan horiek martxan daude egun. Bestetik, gerakin positiboa, besteak beste, lortu ditugun diru-laguntzei esker ere bada. Zorionez, Hernaniko Udalak egoera ekonomiko osasuntsua dauka eta horrek zerbitzu publikoak indartu eta hirigintza proiektu potoloei heltzeko aukera ematen digu bankuen menpe egon gabe. 

 

Gizarte Zerbitzuei garrantzia eman diezue azkeneko urteotan. Zein urrats eman dira eta zeintzuk eman daitezke oraindik?

Azken lau urteetan inbertsioa handitu dugu. Besteak beste, adinekoentzako zerbitzuetan urtean 500.000 euro gehiago ari gara inbertitzen: Etxez etxeko laguntza zerbitzua handitu dugu eta Auzozaintza proiektua sortu dugu. Gizarte langile gehiago ari dira lanean eta adingabekoen prebentziorako zerbitzua hobetu dugu. Zerbitzu sozial publiko indartsuak behar ditugu, gutxi batzuek herritarren beharrekin negozioa egin ez dezaten. 

 

Etxebizitzarena da gaurkotasuneko gaietako bat. Floridan edota Santa Barbaran ari dira eraikitzen, eta beste hainbat egingo dira Floridan datozen urteotan. Zein da aurreikuspena? Etxebizitza faltaren arazoa konponduta legoke horrela?

Lehen adreilu fabrika zeneko gunean 306 etxebizitza babestu eraikiko dira. Urte luzez geldirik egon ondoren, Etorlurrekin lanean ari gara proiektuak aurrera egin dezan. Horrek arnasa emango digu, baina ez du arazoa konponduko, estrukturala delako eta udalaz gaindiko politika ausartak behar direlako. Etxebizitza Legearen aukerak aprobetxatuko ditugu orain. 

 

Kaleen garbiketaren eta mantenuaren harira, zein da egoera? Zer hobetu daiteke?

Zerbitzua indartu dugu eta hobekuntza nabaria da. Bestalde, Zerbitzu Publikoetako lan-taldea ere handitu dugu, herria hazten ari den heinean, mantenu beharrak ere handitzen ari direlako.

 

Kexak izan dira kiroldegiaren mantenuari buruz. Zein hobekuntza aurreikusten dituzue?

Gimnasioko makinen mantenua egiten duen enpresak ez ditu lanak ondo egin eta enpresarekin harremana eten dugu. Orain medio propioekin hasi gara mantentze-lanak egiten eta hobekuntza agerikoa da. Makina berri batzuk jarri ditugu. Gainera, eraikinaren egoeraren azterketa egiten ari gara, behar diren neurriak hartzen joateko. 

 

Bilerak egin izan dituzue auzoz auzo. Zein izango da EH Bilduren politika auzoei begira, datozen urteotan? Zer egitea aurreikusten duzue?

Auzoek berebiziko garrantzia dute herria bizirik mantentzeko. Auzo elkarteekin elkarlanean, auzo dinamikoak sortzeko lanean jarraituko dugu. Horretarako diru laguntzak handitu dizkiegu auzo elkarteei. Auzo elkarteak ez dauden auzoetan ere mugimendua sortzeko lanean ari gara. 

 

Zero Zabor ziurtagiria lortu berri du Hernanik. Egungo hondakinen kudeaketari eustea da asmoa?

Euskal Herrian horrelako emaitzak dauzkan gure tamainako herririk ez dago. Hernanin hondakinak gutxitzen eta horiek birziklatzen egiten dugun lana aitortzen duen Europako ziurtagiri bat jaso dugu. Herritar guztien esfortzuari esker, bide onean goaz. Hala ere, hobetzea badago.

Txotx denboraldiaren inguruan aspaldikoa da eztabaida, bereziki Kaxkoan eragiten dituen kalteengatik. Zer egitea aurreikusten duzue?

Txotx Mahaian talde politiko guztiok parte hartzen dugu. Arazo konplexua da eta ezin da, beraz, sinpletasunetik hitz egin. Talde politikoen aldetik, ez da arduratsua Txotx Mahaian proposamenik egin ez eta ondoren kexaka aritzea. Udaltzaingoak espediente asko ireki ditu, baina hori ez da nahikoa. Beste bide batzuk lantzen ari gara: harremanean gaude Eusko Jaurlaritzarekin txotx garaiak Hernanin sortzen dituen ondorioak landu eta neurriak hartzeko. Aspaldian erabaki genuen Hernanitik txotx garaia ez promozionatzea. Beste erakunde batzuek, ordea, jarraitzen dute saltzen eta erantzukizuna eskatu diegu. Jaurlaritzarekin lanean jarraituko dugu. Helburua da sagardoaren kultura urte osoan modu jasangarri batean promozionatzea eta txotx garaian jende gutxiago etortzea eta bizilagunon eskubideak errespetaraztea. 

 

Aparkaleku faltak arazo izaten jarraitzen du. Badu konponbiderik epe laburrera?

Urumea eraikin zaharra eraisten denean, aparkalekua handituko da. Bitartean gune horren garapen urbanistikoa landuko dugu eta bertan lur azpiko aparkaleku bat eraikiko dugu. Horretarako partida gorde dugu jada. Bestalde, aukera desberdinak lantzen ari gara plaza gehiago sortzeko. 

 

UEMAn sartu berri da Hernani. Zein da euskeraren erabileraren egoera Hernanin, eta zein izango da EH Bilduren lan ildoa bide horretan?

Euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean amildegi bat dago. Gure gobernuetan euskararen erabilera sustatzeko neurri ausartak hartu ditugu. Udalean euskara da gure lan-hizkuntza, hori baita normalizaziorako modu bakarra. Kalean, euskararen aldeko eragileekin batera jarraituko dugu lanean. 

SAILEZ SAIL, MOTZEAN

 

Ekonomia eta ogasuna: 

Fiskalitate progresiboa, gutxien duenak gutxiago ordaintzeko. Gerakineko dirua proiektu handietara bideratu, bankuen dependentzia ahalik eta txikiena izateko. 

 

Enplegu sustapena: 

Galarreta eta Estubegi enpresa-guneen garapena enpresak erakartzeko. Ekintzailetza zerbitzu propioa. 

 

Euskara eta hezkuntza: 

Ikastetxe guztiekin batera, proiektuak eta espazioak sortzen jarraitzea. Prebentzio goiztiarreko programa indartzea. Euskararen erabilera eremu guztietan sustatzea. Eragileekin batera Euskararen Kontseilua sortzea.

 

Kultura: 

Auditorio berria egitea eta Ave Maria eraikina birgaitzea sormen gunea bertan kokatzeko. Proiektu horiek Kultur Mahaiarekin batera egingo dira.

 

Hirigintza eta ingurumena: 

Ezkiaga pasealekua eta Izpizua kalearen bulebarizazioa, erdigunean lur-azpiko aparkaleku publikoa eraikitzea, Portu-Atzieta mugikortasuna hobetzeko igogailua jartzea, Floridako etxebizitza sozialen garapena eta auzoen berritzea (hirigintza eta dinamika aldetik). Trantsizio energetikoaren alde, plaka fotovoltaikoak eraikin gehiagotan jartzea.

 

Jarduera fisikoa eta kirola: 

Kirol azpiegiturak zaharberritzeaz gain, kiroldegian rokodromoa egitea. Latsunbeko frontoia estaltzea. Klubekin batera Zubipeko eta Landareko azpiegiturak hobetzea.

 

Merkataritza eta turismoa: 

Sektorearekin batera merkataritza plana berritu eta tokiko merkataritzaren aldeko politikak indartzea. Merkataritza eta Turismo udal bulego berria irekitzea.

 

Politika sozialak: 

Emakumeen, LGTB komunitatearen eta jatorri desberdineko pertsonen eskubideen aldeko politiketan erreferente izaten jarraitzea. Gazteen emantzipazioa errazteko neurriak hartzea.

 

Zerbitzu publikoak:

Baliabide pertsonalak eta materialak handitzea. Herriko saneamendu eta ur-horniduraren azpiegituretan hobekuntzak egitea ura aurrezteko eta ingurumena zaintzeko. 

 

Zerbitzu sozialak: 

Gizarte langile gehiago eta zerbitzu berriak martxan jartzea.

EH BILDU-HERNANIKO ZERRENDA

 1. Xabier Lertxundi Asteasuinzarra.
2. Maria Francisca Ibarguren Echeverria.
3. Itsaso Lekuona Legorburu.
4. Asier Mingo Arruabarrena.
5. Aitor Lukas Solano.
6. Amaia Miner Canflanca.
7. Ainara Atorrasagasti Urizar.
8. Aitor Huici Izagirre.
9. Urko Lazcoz Fernandes.
10. Oier Agirresarobe Lizaso.
11. Miren Kistiñe Rodriguez Polaina.
12. Lur Etxeberria Iradi.
13. Unai Alberdi Padrones.
14. Naiara Ibeas Ortiz.
15. Jose Maria Elordi Jauregui.
16. Maria Pilar Lujambio Olano.
17. Aitziber Larramendi Mugica.
18. Mikel Von Wichmann Pavletich.
19. Mayi Ugartemendia Urquiola.
20. Lander Ibarburu Lizeaga.
21. Estibalitz Sara Agirre Agirre.

Ordezkoak:
1. Araia Uitzi Sanchez.
2. Alex Erdocia Igoa.
3. Maria Teresa Toda Iglesia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!