Leokako labaderoan elkartuta, maiatzaren 28ko Udal Hauteskundeetarako taldea aurkeztu du Hernaniko PSE-EEk, eta aukeratu duten leloa ere eman du aditzera: Hernani zurekin.
«Goiburu hori aukeratu dugu, uste dugulako bikain erantzuten diola lau urte hauetan falta izan denari. Azken legegintzaldi honetan ez da zerumuga zehatzik izan, eta inposizioaz abusatu da, Hernanirako nahi dugunaren juxtu kontrakoa. Herritarrak Udalaren eguneroko kudeaketarekin haserre daude. Gero eta arrazoi gutxiago ikusten dituzte EH Bildurengan sinesteko, eta gero eta arrazoi gehiago daude Udalean gobernu aldaketa bat gertatzeko», adierazi du Ricardo Crespok, sozialisten alkategaiak.
PSE-EEren ustez, «une bakarra» izan da aurreko legegintzaldi osoan, udal gobernuarekin batera lan egiteko: pandemia garaia. «Egoera horretan, kontuan hartu ziren PSE-EEk osasun krisia hobeto kudeatzeko egindako proposamenak. Gainerakoa izan da inprobisazioaren gobernua eta gauzatzeko gaitasun eza». Eta salatu du, sozialistek proposatutako proiektu batzuek jaso dutela Udalaren babesa, baina EH Bildu ez dela «gai izan» horiek martxan jartzeko: «Zuntz optikoa Kaxkoan sartzea, Osiñagako mugikortasunari irtenbidea ematea, aparlakekuak haunditzea, edota ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak jartzea».
Horregatik, Crespok azaldu du «egiteke dauden proiektuen inbertsio plan bat» egitea proposatu duela alderdi sozialistak, datozen lau urteetarako: «Dagoeneko hasita dauden industria parkeak garatzeko konpromisoa hartu dugu, Sagar Eskola bat sortzea bultzatu nahi dugu, eta AP-15erako lotune bat Galarretan. Berdintasunez eta modu solidarioan jarraitu behar dugu elektrizitatea sortzen eta ura kudeatzen, garbiketa zerbitzuak hobetu behar ditugu, etxebizitzaren arazoei konponbideak bilatu, dirulaguntzak berbideratu eraginkorragoak izan daitezen, eta kirol instalazioak hobetu».