Zinegoak jaialdia gaur Plaza Feministan, eta Zaintzak Erdigunera Eguna larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 11a, 00:00

Zaintza lanen inguruko hausnarketa egiteko, talde bat osatu dute Hernanin, eta larunbatean aurkeztuko dute ekimena.

Arratsaldeko 19:00etan izango da Gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia gaur, Kulturarteko Plaza Feministan. Larunbatean, berriz, kale ekimena egingo dute zaintza lanen inguruan hausnartzeko elkartu den talde bat aurkezteko asmoz.

Maiatzeko programazioaren barruan, bi hitzordu garrantzitsu izango ditu Kulturarteko Plaza Feministak, aste honetan. Gaur izango da aurrenekoa, Zinegoak: Plaza Feministan bertan egingo dute Gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren emanaldia, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Sei film labur eskainiko dituzte Hernaniko saioan: Perpetua felicidad, Ezohikoak, Son, Dating Internet Strangers, Arnasa eta Irrits. Guztien artean, ordu eta erdi inguruko saioa osatzen dute.

Isa Luengok eta Sofía Estevek zuzendutako filma da Perpetua felicidad, 22 minutukoa; eta gaztelaniaz jarriko dute, euskerazko azpitituluekin. Alma alaba eta Kike aita dira protagonistak. 15 urte ditu Almak, herriko abesbatzan kantatzen du, eta bere sexualitatearekin konektatzen hasi da. Kike, berriz, abesbatzako zuzendaria da, baina ahotsa galdu du laringektomia baten eraginez. Festetako kontzertua gerturatu ahala, bien arteko tentsioa haundituz joango da.

Ezohikoak, berriz, Alejandra Buenoren lana da, 10 minutukoa; euskeraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Jorratzen ditu Euskal Herrian hazkuntza prozesuan barneratuta daude matriarkatuaren existentziaren sinesmena, eta familia eredu oso normatiboen asimilazioa.

Marta Nietok zuzendu du Son  filma, 15 minutukoa, gaztelaniaz. Anak ez daki nola tratatu Son, bere sei urteko semea; eta mendi ibilalditxo bat egitea erabaki du, beraien harremana indartzeko.

Dating Internet Strangers portugaldarrez egindako filma da, Eduardo Wahrhaftigena; eta euskerazko eta gaztelaniazko azpitituluekin jarriko dute. 12 minutuko filmean, zitak lotzeko aplikazio baten erabiltzaileek kontatuko dituzte beraien esperientzia on eta txarrak.

Raúl Barrerasek Hernanin grabatutako filma da Arnasa, eta 15 minutuko emanaldia izango da eskainiko dutena, euskeraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Mui­no batean eserita, Inaxiok bertso baten bidez adieraziko du emaztearen heriotzak sortzen dion atsekabea; eta hori entzunda, Ekaitz biloba baserrira itzuliko da, aitona eta bere animaliak zaintzera. Elkarrekin egingo diete aurre etorkizuneko zailtasunei.

Eta azkenik, Maider Oleagak zuzendutako filma da Irrits, 15 minutukoa; euskeraz, gaztelaniazko azpitituluekin. Izaro eta Clara dira protagonistak, 17 urteko bi neska, haurrentzako udalekuetan begirale lanetan dabiltzanak. Egun batez, Clarak laguna muxukatuko du, eta Izaro noraezean ibiliko da gertatutakoa kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko.

 

Zaintzak Erdigunera Eguna, larunbatean Hernanin

Aste honetako bigarren hitzordua, larunbaterako jarri dute. Izan ere, Zaintzak Erdigunera Eguna ospatuko dute Hernanin, zaintza lanen inguruan hausnartzeko batu den talde bat aurkezteko. Horretarako, kale ekimena egingo dute 09:30etan, Plaza Berritik abiatuta, mota guztietako zaintzaileen egoerari buruzko hausnarketa bultzatzeko. Ondoren, 10:30etan, Milagrosan elkartuko dira, zaintza komunitarioaz jarduteko. Eta azkenik, 12:00etan, zaintzaileen ahotsak entzunarazteko ekitaldia prestatu dute Milagrosan bertan. Mokadua ere izango da.

Talde horretan, «askotariko­ak» direla jakinarazi dute: «Batzuk zaintzaile profesionalak ga­­ra, beste batzuek familian edota komunitatean egiten dugu lan, feminismoan, arrazakeria­ren kon­trako borrokan, osasun arloan, udalgintzan edota sindikalgintzan. Guztiok daukagu kezka berbera, ordea. Hernanin zaintza lanak era bidegabean antolatzen dira, eta horiek demokratizazio bidean jarri behar ditugu».

2022ko udaberrian hasi zuten talde hausnarketa, duela urtebete: «Eztabaidatzen aritu gara zaintza zer den, zein den Hernaniko egoera, zein behar dauzkagun, zein erronka edota desio. Erreferentzia gisa hartu dugu 2020an aurkeztu zen Beterri-Buruntzaldeako Zaintza Erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena lana, eta bide propioa egiten ari gara zaintzaren burujabetza lortzeko».

Hausnarketa prozesu horrek, dagoeneko eman ditu aurreneko emaitzak: «Batetik, gure manifestua, orain arte egin dugun hausnarketa kolektiboaren oinarriak biltzen dituena. Eta bestetik, 2023tik aurrera martxan jarri nahi dugun ekintza plana. Biak ditugu taldearen iparrorratz, zaintzak Hernaniko antolaketaren erdigunera ekartzeko».

Horien bitartez, «egonkortu» nahi dituzte Hernanin egun dauzkaten espazioak, zaintzarekin lotuta: «Talde hau indartu nahi dugu, aurkeztu, zabaldu, eta prozesua egin orotariko ahotsek parte hartu dezaten. Zaintza lanen gainean sentsibilizazio lana egin nahi dugu. Izan ere, bizitzarako oinarri izan arren, zaintza lanek gutxietsita jarraitzen dute, bai familietan, bai gizartean. Halaber, artikulazio komunitarioa sustatu nahi dugu. Ez diogu kendu nahi administrazio publikoari dagokion funtzioa eta betebeharra, baina zaintza krisiari aurre egin nahi badiogu, komunitatetik ere ardura hartu behar dugu. Horretarako, gure erreferentzia nagusia da Auzozaintza programa, eta datozen urteetan horretan jarriko dugu indarra. Azkenik, zaintzaileen arteko guneak sendotu nahi ditugu. Ezinbesteko ikusten dugu etxeko langileei baliabide integralak eskaintzea, familian zaintzen ari direnak ere zainduak izatea, eta guztion arteko elkarguneak egotea».

Adierazi dute hasi besterik ez direla egin, eta «bide luzea» daukatela egiteko. Hori aurkeztuko dute larunbatean, eta bertaratzeko deia luzatu diete herritar guztiei: «Animatu guztiok zaintzak erdigunera ekartzera!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!