Amaia Irazustabarrena eta Miren Goikoetxea, txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 00:00

Iriondo, Kerejeta, Mendizabal, Irazustabarrena, Murua eta Macicior, Gasteizen.

GRABNIko lau finaletan aritu dira CD Hernaniko palistak, eta bi irabazi dituzte, nagusietan: ezker hormakoa Irazustabarrenak, eta trinketekoa Goikoetxeak. Aldiz, esku hutsik geratu dira Ane Kerejeta, Maddi Iriondo eta Enara Macicior.

Beste behin, protagonista izan dira hernaniarrak, GRABNIko palako finaletan, emakumezkoetan. Guztira, lau finaletan aritu dira CD Hernaniko pelotariak, Gipuzkoa ordezkatuz. Dena den, zapore gazi-gozoa izan du asteburuak, horietatik bi irabazi baitituzte, eta beste bi galdu.

Trinketeko lehiarekin hasi zuten asteburua, eta ostiralean jokatu zuen Miren Goikoetxeak, Gasteizen, nagusien mailako finala. CD Hernaniko urnietarrak Leire Galdos izan zuen lagun, eta 30-27 nagusitu ziren Arabaren kontra, txapela janzteko.

Larunbatean, berriz, ezker hormakoak jokatu zituzten Gasteizen bertan, eta binakako final guztietan izan zen hernaniarrik. Nagusietan, Amaia Irazustabarrenak beste txapel bat gehitu zion bere palmaresari: Maider Mendizabalekin batera, 30-25 nagusitu zen, Ardanaz eta Igoa nafarren kontra.

22 urtez azpikoen finala, berriz, Enara Maciciorrek jokatu zuen, Nagore Muruarekin batera; baina ez zuten aukerarik izan, Zulaika eta Landajo bizkaitarren kontra. 15-30 nagusitu ziren aurkariak.

Miren Goikoetxea (eskuinean), Leire Galdosekin eta Maider Mendizabalekin.
 

Eta esku hutsik bueltatu ziren etxera, Ane Kerejeta eta Maddi Iriondo ere. Bi hernaniarrek elkarrekin jokatu zuten jubenil mailako finala, txapelketa osoa bezalaxe; eta ezin izan zuten Olatz eta Naroa Zulaika ahizpen kontra. 22-30 irabazi zuten bizkaitarrek.

Amaia Irazustabarrenak ezin, Bizkaia Torneoko finalean

GRABNIko finalaren aurretik, gainera, beste final bat jokatu zuen Irazustabarrenak, ostiralean: Paleta Larruzko Bizkaia Torneokoa. Gorostiagarekin batera aritu zen, eta hiru jokotan galdu zuen Murilloren eta Arrillagaren kontra (1-2).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!