Zazpigarren postuan amaitu dute Estatuko Txapelketa 16 urtez azpikoek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 9a, 00:00

Zazpigarren postua lortu du 16 urtez azpiko taldeak.

Euskal Ligako finalaurrekoak jokatuko dituzte 18 eta 16 urtez azpiko taldeek. 

Estatuko Txapelketa jokatu du asteburuan Hernaniko 16 urtez azpiko taldeak, Valladoliden. Aurkari gogorrak izan ditu aurrean, eta zazpigarren postuan bukatu du txapelketa.

Lehenengo partidua El Salvadorren kontra jokatu zuten. Lehiakide zaila zen txapelketa hasteko, eta atsedenaldira bizirik iritsi ziren arren (14-3), jokalariek ezin izan zuten zuloa itxi, eta 38-10 izan zen azken emaitza. Hurrengo bi partiduak ere ezin izan zituen irabazi Hernanik; 0-59 galdu zuten larunbatean San Cugaten kontra, eta emaitza errepikatu zen, 0-59, igande goizeko partiduan, Liceo Francés taldearen aurka.

Emaitza horiekin, zazpigarren eta zortzigarren postuaren lehian sartu zen Hernani, Oviedorekin batera. Aurreko partiduetan falta izan zuen jokoa egin zuen taldeak, eta nagusitasunez irabazi zion talde asturiarrari. 0-27 amaitu zen partidua, eta zazpigarren postua lortu zuten trikoloreek. 

Asteburu honetan Euskal Ligako finalerdietako itzuliko partidua jokatuko dute, Landaren, Gaztediren aurka. Joaneko partiduan justu irabaztea lortu zuten, 19-21, eta aldeari eusten saiatuko dira etxean. 

Garaipen bikaina 18 urtez azpikoek

Euskal Ligako finalaurrekoetako joaneko partidua jokatu zuten Hernaniko 18 urtez azpiko mutilek. Elorrion jokatu zuten partidua, eta 0-41 irabazita, bideratuta utzi dute kanporaketa. Asteburu honetan bertan jokatuko dute itzuliko partidua, Landaren. 

Finalerako txartela lortzen badute, maiatzaren 21eko asteburuan jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!