Borobil-borobila izan da asteburua, Dantzari Asteari hasiera emateko. San Joan Konpartsaren gonbiteari erantzunez, Euskal Herri osoko 24 dantza talde elkartu ziren herrian, eta Hernaniko txoko guztiak alaitu zituzten igandean, goizean zehar kalejiran ibilita. Ondoren, eguerdian, ekitaldi berezia bezain jendetsua egin zuten Plazan, guztiek bat eginda.
Ezusteko oztopoek ere ezin izan zuten festa kamustu. Banan-banan iritsi ziren dantza taldeak Plazara, jai giroan, txalapartariek eta irrintzilariek harrera egiten zieten bitartean. Orduan, dantza emanaldi bateratua hastera zijoala, argindarrik gabe geratu ziren mikrofonoak, baina horrek ez zituen geldituko: eztarriaren indar hutsez aritu ziren bertsotan Ekain Tolaretxipi eta Andoni Mujika Anatx, eta txalo zaparrada jaso zuten bueltan; bertso ederrak botatzeaz gainera, ez zutelako meritu makala, mikrofonorik gabe Plaza osoari kantatuta.
Orduantxe berreskuratu zuten argindarra, gainera, eta Xabier Etxeberriak gidatu zuen ekitaldia. Bertan elkartu ziren dantza taldeak zein musikari eta konpartsak aurkeztu zituen aurrena, eta dantza emanaldiari egin zion bidea segidan. Hainbat pieza ezagun dantzatu zituzten denek elkarrekin, eta inguruan bildutako herritarrek ere egin zuten bat horietako batzuetan.
Plazako lanak bukatuta, Atsegindegin izan zuen jarraipena ospakizunak, 500 lagunetik gora elkartu baitziren bertan: bazkaltzeko aurrena... eta berriro dantzari ekiteko gero, erromeria izan baitzuten.
Euskal jantzien erakusketa aste osoan zehar, eta dantzari txikien eguna larunbatean
Asteburu borobilaren ondoren, datorren larunbatera arte izango du segida Dantzari Asteak. Atzotik dago ikusgai, Biterin, XVIII. mendeko euskal jantzien erakusketa, Iraultza dantza taldeak antolatuta. 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, ostiralera bitarte. Gainera, gaiaren inguruko hitzaldia eskainiko du Ramon Garciak ostegunean, arratsaldeko 19:00etan.
Beste egun haundi batekin borobilduko dute aurtengo Dantzari Astea, larunbatean: dantzari txikien irteera egingo dute arratsaldeko 17:00etan, Kaxkoan barrena; eta dantza emanaldia ondoren, denek elkarrekin.