Neumáticos Uriaren helegitea atzera bota dute

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 8a, 00:00

Euskadiko Auzitegi Gorenak ez du onartu enpresa hernaniarraren helegitea, Francisco X.S. langilearen kasuan.

Atzera bota du Euskadiko Auzitegi Gorenak, Neumáticos Uriak aurkeztutako helegitea, Francisco X.S. langilearen kasuan. Donostiako Epaitegiaren sententziaren arabera, enpresa hernaniarrak 327.586,3 euroko kalte ordaina eman behar zion langileari, Finazauto Servicios eta Matadero Industrial de Aves Oiquina enpresekin batera, modu solidarioan. Hiru enpresa horietan aritu zen lanean Francisco X.S., mekanikari gisa, 2013an jubilatu zen arte; eta 2020an biriketako adenokartzinoma detektatu zioten.

Sententzia horren aurrean, he­legitea aurkeztu zuen Neumáticos Uriak, bere absoluzioa eskatzeko, besteak beste argudiatuz langilea erre­­tzailea zela, eta enpresak eta prebentzio zerbitzuek egin zizkioten kontratuetan aurreikusita zeudela amiantoaren arriskuak, Asviamiek (Euskadiko amiantoaren biktimen elkarteak) aditzera eman duenez.

Euskadiko Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu helegitea, eta sententzia berretsi du. Gainera, Neumáticos Uriak ordaindu beharko ditu epaiketaren gastu­ak, 1.000 euro baino gehiago.

Auzitegi Gorenaren sententzi­a­ren balorazio positiboa egin du Asviamiek, eta deia egin die enpresei eta prebentzio zerbitzuei, minbizia sortzen duten substantziei aurre egiteko Prebentzio Planak sustatu ditzaten: «Gainera, enpresak animatzen ditugu kontratatutako prebentzio zerbitzuei erantzukizuna exijitzera, ez badute bete haiei amiantoaren arriskuen inguruko aholkularitza emateko obligazioa, Neumáticos Uriari gertatu bezala».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!