«Joko zikina izan da EH Bilduk Hernani Burujabe publizitatzea udal aldizkarian»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 8a, 00:00

Ricardo Crespo, Hernaniko PSE-EEren bozeramailea, Udalaren Pleno batean.

Hernaniko PSE-EEk salatu du «Hauteskunde Legea urratu» duela EH Bilduk: «Nabarmendu nahi izan ditu udal gobernuaren lorpenak».

EH Bilduk «joko zikina» egin duela salatu du Hernaniko PSE-EEk, udal aldizkariaren bigarren edizioa argitaratzearekin. Zehazki, kritikatu du «Hernani Burujabe proiektua publizitatu izana» aldizkari horretan, «herri osoan buzoneatu dena, eta 4.000 euroko kostua izan duena». Izan ere, alderdi sozialistak adierazi du, «Hauteskunde Legea urratu» duela EH Bilduk, Udal Hauteskundeetarako hilabete falta zenean.

PSE-EEren ustez, «udal gobernuaren lorpenak nabarmendu» nahi izan dituzte, «hauteskunde garaiko arauen kontrako erabilera eginez»; eta gogorarazi du, «alderdien arteko berdintasuna bermatzea» duela helburu Hauteskunde Legeak.

Hain justu, lege horren 50.2 artikuluari egin dio erreferentzia Ricardo Crespok, sozialisten bozeramaile eta alkategai denak: «Horren arabera, hauteskundeetarako deialdia egiten denetik hauteskundeak egin arte, debekatuta dago botere publikoek, zuzenean edo zeharka, antolatutako edo finantzatutako edozein ekintza, baldin eta horiek gauzatzeari edo lortutako lorpenei buruzko aipamenak badituzte, edo hauteskundeetan parte hartzen duen erakunde politikoren batek bere kanpainetan erabilitako irudi edo esamolde berdinak edo antzekoak erabiltzen badituzte». Horren barruan dago, alderdi sozialistak adierazi duenez, «botere publikoen finantzaketarekin banatzea liburuak, aldizkariak...».

Zentzu horretan, Crespok adierazi du EH Bilduk «legea hautsi eta neutraltasun printzipioa urratu izanak» erakusten duela «daukaten urduritasuna; izan ere, herritarrak ez daude pozik udaletxearekin, egunero egiten duen kudeaketa txarragatik». Azkenik, alderdi sozialistak salatu du EH Bilduk ez dituela bereizten «Udala bezalako erakundeak ete bere interes alderdikoiak. Diru publikoa helburu alderdikoietarako erabiltzea da hori, eta beraz, EH Bilduk gainerako alderdi politikoek baino baliabide gehiago ditu bere kudeaketaren publizitatea egiteko. Baliabide horiek, gainera, ez dira EH Bildurenak, baizik eta hernaniar guztienak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!