Kulturartekotasun Eguna elkarrekin ospatu zuten Hernaniko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek, joan den ostiralean, Hezkuntza Plataformaren eskutik. Kalera atera ziren ikasle guztiak, eta ekintza ugari egin zituzten goizean zehar, toki ezberdinetan: LH 1, 2 eta 3 mailetako ikasleek Tilosetan, Urbieta kalean eta Atsegindegin; eta LH 4, 5 eta 6 mailetakoek Ave Maria parkean.
Abestu zituzten hizkuntza ezberdinetako kantuak, dantza egin zuten, mundu osoko jolasetan aritu ziren, ipuin kontaketak ere izan zituzten, bandera erraldoi bat osatu zuten... Eta ondoren, Plazan elkartu ziren denak eguerdian, jaiaren amaierako ekitaldia egiteko. Bertan, egunari buruzko testu bat irakurri zuten, eta kantuan eta dantzan eman zioten bukaera.
«Ikusten duzuen moduan, herriko ikastetxe guztiak elkartu gara gaur, kalera atera eta Kulturartekotasun Eguna ospatzeko. Hernaniko Hezkuntza Plataforman, herriko hezkuntza komunitateak bat eginik, elkarrekin antolatu dugu egun berezi hau. Gure ikasgelak kultura ezberdinetako lagunez daude osatuta, eta ondorioz, beste hizkuntzak, tradizioak eta kulturak ezagutzeko aukera bikaina dugu, eta horretan jarri nahi izan dugu gaur begirada», nabarmendu zuten ikasleek Plazako agerraldian.
«Asko disfrutatu dugu goizean zehar, herriko toki desberdinetan munduko jolas ezberdinetan arituz, hizkuntza ezberdinetan kantak abestuz edota ipuinak entzunez. Lanean ere aritu gara elkarren ondoan oihala lotuz, askotariko kolore zatiekin osatuz... Izan ere, halakoxea da gure ikastetxea, halakoxea da gure herria, hamaika koloretakoa! Kultur aniztasun haundi hau kudeatzea da gure gizartearen erronketako bat, eta zeregin horren barruan, hezkuntza sisteman kudeatzeko beharra ikusten da. Zeregin hau burutzeko filosofiarik eraginkorrena kulturartekotasunak ematen duen ikuspegia da; hau da, eskolan ematen diren kultura ezberdinen artean komunikazioa, elkartrukea eta bizikidetza oinarri dituena, betiere balioen inguruko ikuspegi kritikoa bultzatuz eta besteen kulturarekiko errespetuzko jarrerak erakutsiz», gaineratu zuten.
Eta diote «abiapuntua» soilik izan zela ostiralekoa, eta «bide luzea» dutela egiteko oraindik, elkarrekin: «Erronka nagusi bat dugu, eskolan ematen diren kultura ezberdinen artean komunikazioa, elkartrukea eta bizikidetza oinarri dituen hezkuntza komunitatea eraikitzea».