'Hariak' zinemaldiaren bigarren edizioa, azaroan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 7a, 00:00

Solasaldietako bat,'Hariak' zinemaldiaren lehenengo edizioan.

Udazkenerako iragarri dute erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa, azaroaren 2tik 12ra.

Aurreneko edizioaren arrakasta ikusita, dagoeneko hasi dira Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa antolatzen. Udazkenean izango da hori, aurreratu dutenez, azaroaren 2tik 12ra, Kulturarteko Plaza Feministan.

Hernaniko Udaleko Lankidetza Arloak antolatzen du jaialdia, Amher Sos Arrazakeria elkartearekin batera; eta «oso harrera ona» izan zuen joan den urtean, nabarmendu dutenez. Horregatik, bigarren edizioa prestatu eta formatua errepikatuko dute.

Hori horrela, bi astez eskainiko dituzte proiekzioak, ostegunetik igandera, goizez zein arratsaldez. Emanaldi guztietan, aurkeztutako lanek mundu zabaleko erresistentzia istorioak ekarriko dituzte Hernanira. Eta emanaldiaren ondoren, gai bakoitzean sakontzeko aukera ere izango da, egileek edota gaiaren inguruko adituek eskainiko dituzten solasaldietan.

Aurrerapen modura, jakinarazi dute Armeniako errealitatera gerturatzeko aukera izango dela, aurtengo edizioari hasiera emango dion saioan. Beste herrialde askotako ekoizpenak eskainiko dituzte azaroko aurreneko bi aste horietan, eta tarte berezia egingo diete Euskal Herrikoei ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!