«Atez Atekoak hondakinak sortzen ditu, urtean 1.650 kubo berritu behar baitira»

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 7a, 00:00

EAJ-PNVk salatu du, Udalak 1.650 kubo marroi erosi behar izaten dituela urtero, eta horiek «kudeatu beharreko hondakin» bihurtzen direla.

Atez Atekoaren inguruko eztabaida mahai gainean jarri du berriro Hernaniko EAJ-PNVk; eta oraingoan, salatu du sistema horrek hondakinak sortzen dituela, «urtean 1.650 kubo berritu behar izaten baitira». Andoni Amonarraiz bozeramaileak kritikatu du Hernaniko Udalak urtero gastatzen duen diru publikoa, kubo marroiak erosteko: «Ez da onargarria EH Bildu Atez Atekoaren emaitzekin harro sentitzea, bilketaren eta benetako emaitzen kos­tuaz gain, udalerri honek ur­te­an 1.650 kubo marroi zakarron­tzira botatzen dituenean. Edu­ki­ontzien bidezko hondakinen bil­­­ketarekin, kubo marroiak ez di­ra beharrezkoak, hondakinak sor­tzeari utziko genioke, gastu hori aurreztuko genuke, eta emai­tza berdinak izango genituzke. Berriro diot, hernaniarrek irakurri beharko lituzkete Sasie­tako mankomunitatearen eta bertan hondakinak biltzeko eduki­on­tziak erabiltzen dituzten udale­rrien bilketa eta birziklatze datuak».

Beste hondakin bilketa sistema bati ere egin dio erreferentzia Amonarraizek: olio bilketarako sistemari. «Ez dugu ulertzen zergatik duen EH Bilduk olioa biltzeko sistema bat, plastikozko ontzi mota bakar bat erabiltzera behartzen zaituena, forma konkretu bat duena. Ez al litzateke normalagoa izango edozein ontzi mota erabiltzea (kristala, plastikoa...), eta hori birziklatuko dela ziurtatzea? Olioa jasotzeaz gain, edozein ontzi mota birziklatzeko protokoloa dauka enpresak. Hala, olioa biltzeko bakarrik erabiltzen diren ontziak zirkulaziotik aterako genituzke, eta etxean ditugun ontziak berrerabili eta birziklatuko genituzke».

Azkenik, jeltzaleek gaineratu dute «postureo hutsa eta soila» dela hondakinen kudeaketa eta «EH Bilduren izarra», Atez Atekoa; eta ez daukala zerikusirik «hondakinak biltzeko sistema bati eskatu behar zaion eraginkortasunarekin. Haientzat, helburu politiko bat besterik ez da, eta horrekin, erakutsi nahi dute beraiek agintzen dutela».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!