Herbehereetara eta Belgikara egingo du bidaia Goiz Eguzkik irailean, eta zabalik dago izenematea

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 7a, 00:00

Amsterdam bisitatuko dute zazpi eguneko bidaian, besteak beste.

Iraileko bigarren hamabostaldian egingo dute zazpi eguneko bidaia, eta maiatzaren 17ra arte apuntatu daiteke. 1.600 euro inguru izango dira.

Jubilazioaz gozatzen jarraitzen dute Goiz Eguzkiko bazkideek, eta ezin ukatu daiteke bidaiatzea gustuko dutenik. Datozen aste eta hilabeteetarako daukaten plan sorta ikusi besterik ez dago, horretaz ohartzeko.

Hilabete honen bukaeran, Done Jakue Bidea egingo du talde batek, autobus baten laguntzarekin: etapa bakoitzean, oinez egingo dute zati bat, eta autobusean gainerakoa, Orreagatik Santiagora. Ekainean, berriz, Galiziako Rias Baixasera sei eguneko bideia egingo dute Goiz Eguzkiko bazkideek.

Baina urrutiago joango dira, prestatzen ari diren hurrengo bidaian: Herbehereetara eta Belgikara, irailaren bigarren hamabostaldian. Sei gau emango dituzte Herbehereetan eta Belgikan, eta hainbat hiri bisitatuko dituzte: Amsterdam, Bruselas, La Haya, Brujas, Rotterdam... Horretarako, 45 pertsona apuntatu beharko dira gutxienez, eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea: maiatzaren 17ra arte egin daiteke. Izan ere, hegazkinean joango direnez, lehenbailehen egin behar dituzte erreserbak. Zentzu horretan, prezioa zehaztu gabe dago oraindik, baina 1.600 euro inguru izango dira, jakinarazi dutenez. Prezio horretan sartuta daude otordu guztiak, bisitatuko dituzten eraikinetarako sarrerak, eta Hernanitik bertatik izango duten gida. Dauden plazak baino pertsona gehiago apuntatuko balira, zozketa egingo lukete.

Bestalde, Goiz Eguzkik gogo­rarazi du San Joanetako jolasak egingo dituztela aurten ere, eta zabalik dagoela izena emateko epea, maiatzaren 12ra arte. 5 euro dira, bikote eta joko bakoitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!