Egun haundia izango du gaurkoa, Hernaniko Dantzari Astearen 25garren edizio borobilak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 7a, 00:00

Euskal Herri osoko 28 talde ibiliko dira kalejiran goizean, herriko kale eta auzoetan; eta 13:15etan elkarrekin dantzatuko dute Plazan.

Erromeriarekin eman zioten hasiera, atzo arratsaldean, Hernaniko Dantzari Astearen 25garren edizio borobilari, San Joan Konpartsak antolatuta. Eta egun haundia izango du gaurkoa, Euskal Herri osoko 28 talde elkartuko baitira Hernanin.

Aurrena, goizeko 10:45etan hasita, kalejiran ibiliko dira herriko kaleetan zehar, eta dantza ekitaldiak eskainiko dituzte Hernaniko auzoetan eta kaleetan. Euria egingo balu, Biteriko areto nagusian izango lirateke.

Hernaniko bost talde izango dira tartean: Herburu erraldoi eta buruhaundien konpartsa, Hernani Musika Eskolako dultzaineroak, Txilibita fanfarrea, Herri Musika elkartea, eta Ttarla dantza taldea. Astigarragatik etorriko da Astigar dantza taldea ere, eta Gipuzkoatik beste zortzi: Urnietako Egape, Errenteriako Ereintza, Lasarte-Oriako Erketz, Donostiako Eskola eta Goizaldi, Irungo Ibarla Meaka, Lezoko Herri Dantzazaleak, eta Oiartzungo Olarri. Arabatik bi talde gasteiztar etorriko dira, Adurtza eta Jare; eta Bizkaiatik Sestaoko beste bi, Arriskugarri eta Eusko Lorak. Lau talde izango dira nafarrak: Arizkungo Ezpatadantzariak, Iribaseko Basakaitz, Elizondoko Baztandarrak, eta Iruñeko Ortzadar. Lapurditik etorriko dira beste bost talde: Itsasuko Ataitze, Donibane Lohizuneko Begiraleak, Ezpeletako Ezpela, Uztaritzeko Izartxo, eta Hendaiako Mutxiko. Eta azkenik, Larraineko Errege Txopitak dantza taldea ere izango da Hernanin, Zuberoatik etorria.

Auzoz auzo eta kalez kale ibili ondoren, Plazan elkartuko dira talde guztiak, eguerdiko 13:15etan, dantza emanaldia elka­rrekin eskaintzeko. Ekitaldi na­gusian, batuko zaizkie Hernani Musika Eskolako txalapartariak, Iraulio Panttaloneko bertsolariak, eta Fermina Villanueva eta Juani Tejedor irrintzilariak.

Emanaldiaren ondoren, Atse­gindegin bazkalduko dute dantzari eta soinujoleek, eta erromeria izango dute arratsaldean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!