Energiaren udal bulegoa Sandiusterrira lekualdatu da

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 00:00

Sandiusterrin kokatzen da Energiaren Udal Bulegoa.

Energiari buruzko zalantzak energia@hernani.eus helbidera idatzita ere argitu daitezke.

Energiaren Udal Bulegoa lekuz aldatu da. Hemendik aurrera, gasa edota elektrizitate kontsumoaren eta fakturen inguruko zalantzak argitzeko KIUB Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegora jo daiteke (Sandiusterri 1, Zerbitzu Sozialen eraikina). Zerbitzua astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara dago irekita. Hitzordua hartzea gomendatzen da: telefonoz 943 33 70 22 edo Zerbitzu Sozialetako bulegoan bertan.

Energiaren Udal Bulegoak eskaini izan dituen beste gaiei buruzko aholkularitza, posta elektronikoaren bidez egingo da: energia@hernani.eus

Energiaren Udal Bulegoa iazko azaroan zabaldu zen Gabriel Zelaia eraikinean. Argindarraren prezioaren etengabeko gorakada dela eta, herritarren fakturak izugarri igo ziren eta zerbitzu horrek aholkularitza eman zuen kontratuak aldatzeko eta horretan lagundu zuen. Guztira, 444 pertsona artatu ditu denbora tarte horretan, gehienak (%97) fakturekin lotutako kontsultak izan dira. 45 urtetik gorakoak eta emakumezkoak izan dira kontsulta egitera joandako gehienak.

Herritarren interesa ikusita, Goiz Eguzki jubilatuen zentroan eta auzoetan saio bereziak egitea erabaki zen. Orain arte 9 saio egin dira: Goiz Eguzki, Karabel, Zikuñaga, Sorgintxulo, Florida-Etxeberri, Lizeaga, Portu, Latsunbe eta Txantxillan. Azken bi saioak egingo dituzte orain: lehenengoa Zelabiden eta bigarrena Kaxkoan, hilaren 10ean eta 11n egingo dira, hurrenez hurren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!