Irazustabarrena, Macicior, Kerejeta eta Iriondo, Grabniko finaletan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 6a, 00:00

Gipuzkoa ordezkatuko dute lau palista hernaniarrek gaur 16:30etatik aurrera Gasteizen, gazte, 22 urtez azpiko eta nagusien mailetan.

Hernaniko palistek Grabni txapelketako finalak jokatuko dituzte gaur Gasteizen Mendizorrotza 3 frontoian, 16:30etatik aurrera. Hautatzaileak erabakitzen ditu bikoteak, baina hasiera batean hiru finaletan egongo dira hernaniarrak. 

Hasteko, paleta goman jubenil edo gazte mailan, Maddi Iriondo eta Ane Kerejeta hernaniarrek bikotea osatu dute ligaxkako bi partiduetan eta finalean ere biak jokatzea espero da. Bizkaia izango dute aurkari finalean eta final parekatua espero da. Ligaxkan berdinketa izan zen Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren artean, partidu bana irabazi eta galdu eta gero. Tanteoak erabaki zituen finalistak. Gipuzkoarrek azken jardunaldian Bizkaia gainditu zuten 24-30 eta horri esker sartu ziren finalera. Anitua, Urgoiti eta Zulaika dira Bizkaiaren ordezkariak eta bik egingo diete aurre hernaniarrei.

Jaialdiko bigarren partidua 22 urtez azpikoen finala izango da. Hemen ere, Bizkaia eta Gipuzkoa dira finalistak. Gipuzkoarekin Enara Macicior ariko da eta Nahia Eizmendi aiarrarekin osatuko du bikote. Ligaxkan, Bizkaiako Zulaika eta Landajo izan dira nagusi. Gipuzkoarekin Nagore Muruak ere jokatu dezake. Bi finalisten arteko partiduan, ligaxkan, Bizkaiak 30-18 irabazi zuen Larrabetzun, Macicior eta Eizmendiren aurka. Oraingoan Gasteizen jokatuko dute finala eta ez dute izango bizkaitarrek etxekoak izatearen abantailik.  Hala ere faboritoak dira bizkaitarrak.

Azkenik, hirugarren finala nagusien mailakoa izango da eta finalistak Nafarroa eta Gipuzkoa dira. Amaia Irazustabarrenak Gipuzkoa ordezkatu zuen ligaxkako bi partiduetan. Hirugarrenean Garazi Eizmendi eta Mendizabalek osatu zuten bikote. Arabaren aurkako finalerdian Irazustabarrena eta Mendizabal bikoteak erraz garaitu zuten Araba eta finala irabazteko ere faborito dira Igoa eta Ardanazen kontra.

Trinketeari dagokionez, atzo Miren Goikoetxeak, Galdosekin batera, Arabako Saez eta Ibañezen aurka finala jokatu zuten, Gasteizeko Astronomosen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!