Kulturak 10 auzotatik bira, maiatzetik urrira bitartean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 00:00

Txantxilan izango da aurreneko ekitaldia eta bertan aurkeztu zuten Kultur Bira programa, asteazkenean.

Eskainiko diren emanaldiak publiko familiarrari zuzendutakoak dira.

Asteazken arratsaldean, Nagore Irastorza Hernaniko Kultura saileko teknikariak, eta  Hernaniko auzo elkarteetako ordezkariek, 'Kultur Bira' programa aurkeztu zuten, Txantxilla auzoan, eta jardueren nondik norakoen xehetasunak eman zituzten.

Udalak urtero auzo elkarteei diru-laguntzak banatzen dizkie, eta 2023rako, 24.000 euro gehiago erantsi ditu aurrekontu horretan. Hala, Hernaniko Udalak zenbait proposamen jarri zituen mahai gainean auzo elkarteek erabaki zezaten diru hori nola banatu. «Auzo elkarte gehienek erabaki zuten auzoetan kultur jarduerak sustatzera bideratzea diru horren kopuru bat, kultura sustatu eta jarduerak deszentralizatzeko helburuarekin, eta horrela sortu zen Kultur Bira» jakinarazi zuen Irastorzak.

Auzo elkarteei borondatez parte hartzeko aukera eman zitzaien, eta Kultura teknikariak ziurtatu zuen erantzuna oso ona izan zela: «guztira 10 elkartek parte hartuko dute bira honetan, hala nola, Ereñotzu, Karabel, Kaxko, Latsunbeberri, Osiñaga, Portu, Sorgintxulo, Txantxilla, Zelabide eta Zikuñaga». 

Aurkezpenean azaldu zuten, elkarte bakoitza arduratu dela bere auzoko jarduera aukeratzeaz eta antolatzeaz, auzoaren nortasunari eta auzotarrei lotuta: «eta modu honetara, publiko familiarrari zuzendutako programazioa osatu dugu» gehitu zuen Irastorzak. Kultur Biraren funtsa auzo elkarteen eta Udalaren arteko elkarlana da eta finantziazioa Udalak egin arren, «ezingo litzateke aurrera eraman auzo elkarteen elkarlanik gabe. Horregatik, bereziki pozten gaitu programa hau aurrera eramateak».

Jarraian, Ane Arraztio Txantxiku elkarteko kideak hartu zuen hitza, baina parte hartuko duten auzo elkarteen izenean hitz egin zuen: «hasieratik garbi izan genuen auzo elkarteok Kultur Bira honetan parte hartu nahi genuela. Ez da gauza berria auzoetan kultur jarduerak eta jaiak antolatzea. Eta justu, Kultur Biraren norabidea da auzo elkarteek Udalarekin elkarlanean egin dugula programazio hau, bai finantziazio aldetik, bai eta antolaketa aldetik ere. Normalena da auzo elkarte bakoitzak bere programazioa landu eta aurrera eramatea, eta sarritan ez diogu elkarri gehiegi begiratzen». 

Jarraian, Kultur Birari buruzko zertzeladak eman zituen Arraztiok: «maiatzetik urrira bitartean, askotariko programazioa osatu dugu guztion artean. Hilabete horietan izango dira musika, antzerkia, zirkua eta jolasak. Guztiok argi dugu zein garrantzitsua den auzoetan bizitza kulturala sustatzea, auzoa egitea eta auzoan giroa bultzatzea. Horretan jarraituko dugu!».

KULTUR BIRA

HERNANI

MAIATZAK 12

19:00 Musika: Andoni Ollokiegi. Txantxillan.

MAIATZAK 14

19:00 Musika: Arbasoak. Portun.

MAIATZAK 26

17:00 Antzerkia: Pirata garrapata. Gabriel Zelaian.

MAIATZAK 28

16:30 Zirkua: Zirkoteke. Karabelen.

UZTAILAK 14

20:00 Musika: Ilargi. Zikuñagako ermitan.

 UZTAILAK 15

19:00 Musika: Nikole eta June. Osiñagako Añarregi baserrian.

UZTAILAK 20

22:00 Musika: Janus Lester. Ereñotzuko frontoian.

IRAILAK 8

19:00 Txontxongiloak: Kli, kla, birzikla!. Latsunbeberriko pistan.

IRAILAK 30

17:00 Jolasak: Egurrezko jolasak. Tilosetan.

URRIAK 28

17:30 Magia: Tor Magoa. Sorgintxulon.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!