Eneko Dieguez Quartet jazz taldearen eskutik kontzertu solidarioa, bihar

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 4a, 00:00

'Haien begientzako musika' kontzertu solidarioa eskainiko dute bihar, Erriberan.

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da kontzertu solidarioa, Erriberan. Doakoa izango da, baina fundazioari laguntzeko diru ekarpenak egiteko aukera ere izango da. 

Egun berezia izango da bihar astigartar askorentzat, izan ere, 'Haien begientzako musika' izeneko kontzertu solidarioa antolatu du Munduko Begiak fundazioak, egiten duena ezagutzera emateko eta lan-esparru duen arazoaz kontzientziatzeko asmotan. 

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da kontzertua, Erriberan. Oholtzara igoko dira Eneko Dieguez Quartet jazz taldeko kideak. Musikeneko goi mailako lau ikaslek osatutako taldea da hain zuzen ere, eta honela dago osatuta: Pianoan Raul Perez arituko da; baxuan Nico Alvear; baterian Eneko Arbea eta saxoan Eneko Dieguez.

 

Borondatezko diru bilketa

Kontzertua doakoa izango da, baina Fundazioak borondatezko diru-bilketa egingo du. Dirua biltzea da kontzertu honen beste helburuetako bat, baina ez da nagusia. Ahalik eta pertsona gehien hurbiltzea nahi dute, baliabide ekonomikoak izan ala ez. Era berean, alde batetik, artisten lanaren balioa aitortu nahi dute eta, bestetik, ikusleen kontzientzia aktiboa sustatu nahi dute, beren gaitasunaren eta borondatearen arabera, saihestu daitekeen itsutasunaren aurkako borrokarekin konpromisoa har dezaten eskatuz.

Beraz, horregatik, fundazioa ahalik eta herritar gehienek ezagutu dezaten, doakoa izango da kontzerturako sarrera, baina eskertuko dute diru ekarpen oro, kontzertuan bertan edo fundazioaren kontu korrontean: ES10 2095 0264 6091 0689 3975 (Kutxabank).

 

Antolatzailea, Munduko Begiak fundazioa

2001ean eratu zen, irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta herrialde pobreetan ikusmen-urritasuna eta baliabide ekonomikorik ez dute pertsonek kalitatezko arreta oftalmologikoa jaso dezaten laguntzen du. Saharan, Mozambiken, Bolibian eta Malin ari dira lanean eta ondorengoak dira helburuak, besteak beste: tokiko profesional medikuen prestakuntza eta ezagutza teknikoa; eta saihestu daitekeen itsutasunaren kasuak prebenitzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!