Bost literatur sari eskuratu ditu Iñigo Legorburuk, aste bakarrean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 3a, 00:00

Sari bikoitza eskuratu du Deban, Irungo bi lehiaketa ezberdin irabazi ditu, eta Urnietan eskuratu du bigarren postu bat.

Ez bat eta ez bi, bost literatur sari eskuratu ditu Iñigo Legorburu hernaniarrak, aste berean. Deban, Irunen eta Urnietan izan zen Legorburu aurreko astean, sari banaketa ekitaldiz ekitaldi; eta «jasotako aitortzarekin oso pozik» agertu da, «jada aspaldi xamar lehiaketetara bidali eta ahaztuta neuzkan lanek ustekabeko fruituak eman dizkidatelako», adierazi duenez.

Lehiaketa berean, aurreneko bi sariak eskuratu ditu hernaniarrak, Deba 100 hitzetan lehiaketan, Huts eta Eskura idazlanekin. 100 hitz baino gutxiago eta Debarekin zerikusia izan behar zuten lanek, eta Legorburuk hizpide hartu zituen 60ko hamarkadako Oteizaren Arte Eskola eta Deva erraketista ezaguna, bere bi idazlanetan. «Zazpi urte neramazkien bertara aurkeztu eta saririk lortu gabe, eta bat-batean bi sariak lortzea izugarria izan da», aitortu du. Horiekin, 300 eta 200 euro eskuratu ditu, hurrenez hurren.

Irunen, berriz, bi lehiaketa ezberdin irabazi ditu hernaniarrak. Batetik, Irungo Alardeak aurrenekoz antolatu duen literatur lehiaketan nagusitu da, Gu izateko unea lanarekin, 250 euroko saria eskuratuz. Alardeko arrankada izan behar zuten gaia lanek, eta Legorburuk ikusarazi nahi izan du «jaia borobila izan dadin denon partehartzea beharrezkoa dela», alzheimerraren gaia ere landuta. Eta bestetik, Euskal Herriko Itsasargien Lagunak elkarteak antolatutako mikroipuinen lehiaketa irabazi du, Amona lanarekin. Itsasargiak ziren lehiaketako gaia, eta esaldi honekin amaitu zuen bere lana Legorburuk: amonak itsasargia bere barruan zeraman. Itsasargiekin zerikusia duen liburu sorta bat jaso du sari gisa.

Eta azkenik, bigarren saria eskuratu du Urnietan, On Manuel Antonio Antia lehiaketaren 29garren edizioan, Gutun mutuak lanarekin. Horrela, 1.000 euroko saria eta oroigarria jaso ditu hernaniarrak. Bere lanean, «familien barruan hitz egiten ez diren gai tabuak» landu ditu Legorburuk, «gutunak eta prosa tartekatuz». Bigarrenez sailkatu da finalera, eta «bigarren postuarekin harro» egon arren, «arantzatxoa» geratu zaiola aitortu du, oraingoan ere ezin izan duelako aurreneko saria es­kuratu. Naiara Zubimendi zumaiarrak eskuratu du hori.

'HUTS'

(Deba 100 hitzetan lehiaketan saritutako lana)

Hutsak beti asmatzen du non egon eta zergatik. Horregatik, hustasun bete betean mundu bat eraikitzen ari da haurra bakardadean. Labeak bere lana noiz amaituko, klarionekin jolasten ari da; beste unibertso paralelo bat lau pareten artean ehizatzen duen artean.

Bere begiek begiratzeari utzi diote behatzeari ekiteko eta laguntza behar duela otu zaio: Gaur, taldea. Labeak txistu egin dio urtuz eraikitzen duelako brontzea eta ondoren, garaipen formako orru bat atera da haurraren ezpainetatik.

Hirurogehi urtetik gorako haur bizar zuriak, Arte Eskolaren aitatasunari huts egin behar diola erabaki du, beste mundu batzuk sortzen jarraitzeko: Tartean, Amatasuna-rena.

Hurrengo urteetan ere, hustasunez artea erditu dezan Oteizak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!