LGBT+ Fobiaren Aurkako Eguna ardatz maiatzean, Plaza Feministak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mai. 2a, 00:00

Mirene Begiristain Zubillaga, aurreko hitzaldi batean, Galizian. Argazkia: Campo Galego

Ekintza ugari prestatu dituzte hilabete osorako, Kulturarteko Plaza Feministan, bereziki maiatzaren 17ko egun seinalatuari begira.

Egitarau zabala prestatu du Kulturarteko Plaza Feministak, ma­iatzerako ere. Eta hilabete honetan, egun seinalatu bat izango dute ardatz, maiatzaren 17a hain juxtu: LGBT+ Fobiaren Aur­kako Nazioarteko Eguna.

Izan ere, egun horri lotutako zenbait ekimen izango dira hilabete osoan zehar. Zinegoak izango da horietan aurrenekoa, Gaylesbitrans nazioarteko zine eta arte eszenikoen jaialdia. Maiatzaren 11n izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita.

LGBT+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, mobilizazio­ak egingo dituzte herrian; eta bezperan izango da beste ekintza bat, horri lotutakoa: Armairutik Plazara! dokumentala eta unitate didaktikoa aurkeztuko dute, Hernaniko LGBT+ errealiteari eta memoria biziari buruzkoa. Hiruki Larroxak antolatu du, 18:00etan hasita; eta mahai ingurua ere egingo dute.

Ekimen horiez gain, beste hainbat ere antolatu dituzte Kulturarteko Plaza Feministan, hi­labete honetarako. Larunbat ho­­netan izango da aurrenekoa: Par­ketik Plazara, Amatasunen Topaketa. Ama Feministen Tal­­deak antolatu du, 10:30etatik 13:00etara; eta haurren zaintza zerbitzua ere izango da, aurrez eskatuz gero (gaurkoa da horretarako azkeneko eguna).

Maiatzaren 13an, berriz, mobilizazioak izango dira, Zaintzak erdigunera! Egunean.

Eta hilabeteari bukaera ema­teko, Alternatiba ekofeministak ikastaroa eskainiko dute maiatzaren 27an, goizeko 09:30etatik 13:00etara. Mirene Begiristain­ek eta Marta Barbak eskainiko dute, eta parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik: hernani.eus/emakumeentzako-jabetze-eskola webgunean, kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbide elektronikoan, edo 943 33 70 17 telefonoan. Azalduko dute zer den ekofeminismoa, oinarri orokorrak, begirada feministatik nola begiratu problematika ekosozialari, eta nola uztartu ikuspegi ekologista eta feminista.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!