Elkartasun Eguna, maiatzaren 20an

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 30a, 00:00

Bazkaria Atsegindegin izango da, 14:30etan hasita.

Bazkariko tiketak Garinen, Zintzarrin edota Goiz Argin erosi daitezke. 

Elkartasun Eguna ospatuko dute maiatzaren 20an Hernanin, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizeko 10:00etan, kronoeskalada egingo dute, «informazioa eta izen ematearen berri aurrerago emango dugu» aitortu dute antolatzaileek. Eguerdiko 13:30etan, 'Denak etxean izan arte' lemapean mobilizazio baten bueltan elkartuko dira denak, kaleetan barrena aldarria egiteko. Eta kale buelta egin ostean, elkartasun bazkaria antolatu dute, Atsegindegin. Bazkarirako bi kuota daude, langabetuek 15 euro ordaindu beharko dute, eta langileek, aldiz, 20 euro. Tiketak erosteko hiru gune daude: Garin, Zintzarri eta Goiz Argi.

Antolatzaileek nabarmendu dute aukera beganoa ere egongo dela: «Garin, Zintzarrin edota Goiz Argin tiketak erostean apuntatu begano aukera. Eta tiketarekin batera kamixeta emango zaie herritarrei».

Bazkalostean, Elkartasun Bingoan jokatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, eta antolatzaileek aditzera eman dute izugarrizko sariak banatuko direla. Arratsaldeko 18:00etan Distopia Elektrotxarangak hartuko du lekukoa, eta Elkartasun Egunarekin amaitzeko, DJ Pintxa Txapotek Garin taberna girotuko du, 23:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!