30garren urteurrena ospatzeko asmoz, mota askotako ekintzak antolatu ditu Dobera Euskara Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 30a, 00:00

Antolatutako ekintzak adin ezberdinei zuzendutakoak izango dira, besteak beste,  '30 urtez euskararen normalizazioaren bidean (1993-2023)' erakusketa, solasaldia eta Zapotxin pailazoaren emanaldia.

30 urte bete ditu Dobera Euskara Elkarteak, eta urteurrena ospatzeko asmoz, adin ezberdinetarako eta mota askotako ekintzak antolatu ditu. Maiatzaren 22tik 26ra bitartean, '30 urtez euskeraren normalizazioaren bidean (11993-203)' erakusketa izango dute herritarrek ikusgai: «bertan, Doberaren historia eta hiru hamarkada hauetan martxan jarritako proiektuak gertuagotik ezagutu ahal izango dira» azaldu du Doberak. Gainera, erakusketaren irekierarako (maiatzaren 22) solasaldia ere antolatu dute, Doberako 2 sortzailerekin eta Burrunba gazte sortzaileen taldeko 2 kiderekin; Irati Sarasua kazetari hernaniarrak gidatuko du saioa. Maiatzaren 23rako, Zapotxin pailazoaren emanaldia ere antolatu du Hernaniko euskera elkarteak: «Zapotxinen lehenengo emanaldia izango da, beraz, animatu estreinaldia ikustera!». Esan galtzerdi maitea antzerki musikatua eskainiko die Zapotxinek herritarrei, mundu guztiko doinuekin, hala nola, Euskal Herrikoak, Irlandakoak, Mexikokoak...Maiatzaren 26an, erakusketaren itxieran, Dobera Euskara Elkartearen alboan egon direnekin eta daudenekin batera, ondorengoagatik egingo dute topa: «euskeraren normalizazioaren bidean elkarrekin jarrai dezagun!».  Eta noski Doberak jakinarazi du, jatekorik ez dela faltako. 

3 hamarkada, euskeraren normalizazioaren bidean 

Dagoeneko 3 hamarkada daramazki Doberak euskeraren normalizazioaren bidean. Euskara elkartearen ideia, 1991ko abenduan hasi zen pizten, herriko gazteen artean: «Herrian zerbait egin beharra zegoela ikusten zuten, kultura eta euskara mailan. Eta garai hartan, euskara elkarteak sortzeko mugimendua puri-purian zegoen. Hori horrela, 1992ko apirilean euskalgintzaren munduan zenbiltzan herritarrei bilera baterako deialdia luzatu zitzaien. Jende asko bertaratu zen; lanerako prest, gogotsu eta ilusio handiarekin. Eta handik aurrera, ostiralero-ostiralero bilerak egiten hasi ziren Biteriko sukalde gelan, txokolate artean (forma ezberdinetako txokolatea egiten aritzen ziren bertan)» dio Doberak.  Hortik urtebetera sortu zen Dobera Euskara Elkartea, 1993ko apirilean, herrian euskararen erabilera bultzatzeko eta euskal kultura indartzeko asmoz. 

Eta jarraian, helburuen nondik norakoak aipatu ditu herriko euskera elkarteak: «ondo dakizuen bezala, Doberaren helburu nagusia euskararen erabilera soziala indartzean datza,' Eginez' eta 'Eraginez'. Hernaniarren artean euskararen ezagutza eta erabilera areagotu nahi dira, horretarako urtean zehar hainbat ekimen burutzen direlarik: Hamaika batuaz, Mintzalaguna, Kultur ekimenak, Udaleku Ibiltariak, Kronika...»

Gaur egun 400 bazkide inguruk osatzen dugu Dobera Euskara Elkartea (horien artean herriko hainbat elkarte eta talde). Hauek dira Elkartearen oinarri.

 

Uda ostean ere ekitaldi gehiago, Dobera Euskara Elkarteak

Irailerako eta azarorako ere zenbait ekitaldi berezi eta erakargarrirekin dabil buru-belarri Dobera, eta nabarmendu dute laster izango dutela herritarrek horren berri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!