CAF-Elhuyar saria jaso du Iñaki Sanz-Azkuek, zientzia kazetaritzan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

Iñaki Sanz-Azkue hernaniarra, aurtengo CAF-Elhuyar sariarekin.

Hernaniarraren 'Dragoi txiki bat egongelako horman' lana saritu dute.

Hirugarrenez jaso du CAF-Elhuyar saria Iñaki Sanz-Azkue biologo hernaniarrak, zientzia ka­­­­ze­taritzaren kategorian. Aste­az­­­­ken arratsaldean jaso zuen sa­­­ria Usurbilen, Dragoi txiki bat egon­gelako hor­­man lanagatik, Gaur8 astekarian argitaratutakoa, iazko uztailean.

Begiratu urrunera lelopean banatu dituzte aurtengo sariak. Helburua, ohi bezala, izan da bultzatzea, saritzea eta aitortzea zientziaren eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskerazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea. 41 lan aurkeztu dituzte aurtengo edizioan, eta horietatik lau saritu dituzte, kategoria ezberdinetan.

Zientzia kazetaritzaren saria eskuratu du Sanz-Azkuek, dragoi txikiari buruz egindako lanagatik. «Gai garrantzitsu bat landu du artikuluan, klima-aldaketa; baina gaiaz harago, zein ikuspegirekin landu duen iruditu zaigu azpimarratzekoa», adierazi du epaimahaiak: «Izan ere, klima aldaketari buruzko artikuluek hondamendi kutsua izaten dute askotan, eta oraingoan, berriz, egileak xumetik eta txikitik heldu dio, eta estilo argia eta atsegina erabili du».

Gainerako sarituak, honako­ak izan dira: Judith Zubia Aranburuk jaso du dibulgazio artikulu orokorraren saria, Garena egiten gaituena, egiten duguna idaz­teko lanarekin; Ma­ttin Urbieta Galarragak egile doktore tesian oinarritutako dibulgazio artikuluaren saria, Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko la­narekin; eta Aitor Garmendia Etxeberriak lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen NEIKER saria, Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean lanarekin. Horiez gain, merezimendu saria ere eman dute, eta Jacinto Iturbe Barrenetxeak jaso du aitortzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!