«'Sustraiak' eskulturako plaka ez da kenduko; testuinguru historikoaren argibideak emango dira horren ondoan»

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 27a, 12:37

Hernaniko Udalak argitu du, astearteko Plenoan onartu zena ez dela plaka hori kentzea. Mantendu egingo da, «balio historikoa eta artistikoa» duelako; baina eskulturaren ondoan argibideak gehituko dira.

Hernani Errotzenek aurkeztutako mozio baten harira, Txantxillako errotondan dagoen 'Sustraiak' eskulturako 'Hernani' dioen plaka eztabadaigai izan da egunotan. Duela 100 urtekoa da plaka hori, eta zaharberritu egin zuten, «balio historikoa eta artistikoa» duelako. 'Hernani' izenaren ondoan, Gipuzkoako armarria ageri da, duela 100 urte indarrean zegoena, eta ez gaur egun Gipuzkoan legez indarrean dagoena.

Armarri horrek islatzen du Gaztelako erresumak Gipuzkoa eta Nafarroa konkistatu zitueneko iruditeria, eta ezinegona sortu du horrek. Hori dela eta, mozioa aurkeztu zuen Hernani Errotzenek, oroimen historikoaren alde lanean ari den elkarteak, Hernaniko Udalaren apirileko Plenoan lantzeko. Bertan, desadostasuna agertu zuen sinbologia horrekiko, eta eskatu zuen armarri horren testuinguru historikoa herritarrei azaltzea.

Hori horrela, EH Bilduren, EAJren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin, honakoa onartu zuen Plenoak: plakak balio historikoa eta artistikoa izanik, eskulturan mantenduko da, eta eskulturaren ondoan testuinguru historikoaren argibideak emango dira, modu pedagogikoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!