Asteartean egin zuen apirileko Plenoa Hernaniko Udalak, ohiko deialdian. Eta aurreko Plenoko akta ontzat eman eta azkeneko dekretuen berri eman ondoren, aho batez onartu zuten Dobera-Kronikari 2023ko aurrekontuetan esleitutako partida zabaltzea. Igoeraren arrazoiak azaldu zituen Oier Agirresarobe zinegotziak: «Paperaren kostua bikoiztu zaiela eta, dirulaguntzaren partida haunditzeko eskaera egin ziguten Doberak eta Kronikak. 5.000 euroko igoera izango litzateke».
Hirugarren puntua onartu ostean, Udal Ordenantza Fiskala aldatzea onartu zen aho batez, begiraleei tasarik ez aplikatzeko. Xabier Lertxundi alkateak eman zituen azalpenak: «6 hilabeteko baino gutxiagoko kontratuek ez dituzte tasak ordaintzen, epe laburreko kontratuak direlako; eta kasu honetan, udako begiraleen kontratua denbora laburrekoa da, hilabetekoa. Beraz, ez zaie tasarik aplikatuko. Begiraleak ikasleak izan ohi dira, eta lan prekarioetan dabiltzan herritarrak. Horregatik ekarri dugu ordenantza fiskala aldatzeko proposamena».
Jarraian, honako mozioa aurkeztu zuen Hernani Errotzenek: Sustraiak izeneko eskultura berrian agertzen den armarria indarrean dagoen Gipuzkoako lurralde historikoaren identitate zeinuei buruzko arauetara egokitzea. EH Bilduk, EAJk eta Podemosek alde bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen. Beraz, mozioa onartu zen. Hernani Errotzeneko kide den Beñi Agirrek azaldu zuen mozioaren testuingurua: «Hernanirako sarrera nagusietako batean, Txantxillako biribilgunean hain zuzen ere, Sustraiak izeneko eskultura berri bat jarri du Hernaniko Udalak. Eskultura horri antzinako zeramikazko plaka bat ezarri zaio, Hernani herriaren izen ederra indartzen duena, egun zaharkitua eta polemikoa den 'armarri' baten ondoan. Aipatu armarri hori, Gaztelak Gipuzkoari emandako hainbat irudi gutxiesgarriz osatua dago. Hala nola, Gaztelak ipar-mendebaldea konkistatu zueneko errege baten irudia, ezpata duena; Gipuzkoar talde batek Gaztelako erresumaren zerbitzura, Nafarroa Garaia eta Beherea konkistatu eta menderatzeko gerran eskuratutako 12 kanoi; Guipuzcoa gaztelaniaz soilik idatzita, Espainiako provincia dela gogoratzen duena, eta abar. Beraz, horiek kontuan hartuta, mozio hau aurkeztu dugu. Txantxilako biribilgunean jarri berri den Sustraiak izeneko eskulturan, zeramikazko plakan agertzen diren irudietan zehazki, martxoaren 27ko 6/1990 Foru Araua betetzen ez duten sinboloak arau horretara egokitzeko beharrezko neurriak hartzea eskatzen dugu. Eta era berean, egokitzapen horren azalpena ematea, eskulturaren espazio artistikoa kontuan hartuta, modu egokienean eta iraunkorrean».
Amaitzeko, eskari eta galderetan, herritar batek hartu zuen hitza: «Bi kontu dauzkat. Batetik kexa, Aste Santuan, Biterin obrak ez baitira gelditu; langileek lanean jardun dute zarata egiten, eta Urbieta kalean bizi garenok asko nabaritu dugu. Gure kaleko tabernariak kristalak gaueko ordu txikitan bota ditu, horretarako ordu zehatz bat dagoenean. Horrez gain, Urbieta kalean, jai egunetan kaleak garbitzeko lau makina egon dira martxan, eta sekulako zarata izan da hori ere bizilagunentzat. Eta bestetik, Ibilbide Morearen panela zertan den jakin nahiko nuke, denbora pasa baita bota zutenetik». Herritarrak amaitu ondoren, alkateak erantzun zion aurreneko kexari: «Langileek konbenio bat dute, eta pentsatzen dut konbenioan onartuta zegoela ordu eta egun horietan lan egitea. Hala ere, begiratuko dugu ea horrela den». Ondoren, Itsaso Lekuonak Ibilbide Morearen panelaren inguruko argibideak eman zituen: «Panela bi aldetatik egitea pentsatu dugu, eta diseinatzen ari gara. Horregatik ez dagp oraindik panelik plazan. Horretan gabiltza, nola jarri planteatzen».