Beteranoen nazioarteko lehenengo topaketa antolatu du etzirako Hernani Club Rugby Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 27a, 00:00

Beteranoen errugbiak hartuko du Landare, larunbatean. Argazkia: HCRE

Bihar arratsaldeko 19:30etan harrera egingo diete etorritakoei, Hernaniko udaletxean. Etzi izango da topaketa Landaren, 11:00etan hasita.

Hernaniko Errugbi Elkartean be­ti izan da jokalari beteranoen presentzia, eta «tarteka jokatu izan dituzte partiduak», aitortu dute elkartekoek. Orain dela 10 urte, gaur egun Azeri Zaharrak izenez ezaguna den taldea sortu zuten, eta horregatik, urteurren borobila ospatzeko asmoa du Hernani Club Rugby Elkarteak, herrialde ezberdinetako jokalari beteranoentzako topaketa anto­latuz, larunbat honetarako. «Espazio lagunkoi berri bat eskainiko nahi izan dugu, kirolaren eta laguntasunaren balioak lehia eta ezberdintasun guztien gaine­tik jarriz», nabarmendu dute.

Beraz, etxeko taldearekin ba­tera ondorengoak izango dira Landaren, etzi:  Iruñako La Unica RTko Sai Zaharrak eta Iruña RC Classics, Baionako Medikoak eta Archiball Côte Basque, Donostiako Bera-Bera Gurdizaharrak eta OPLA, Oviedoko Veteranos Astu­rias, eta Durango RTko Sapu­za­harrak. Zelaian, guztira 160 jokalaritik gora elkartzea espero dute. 

Topaketa 11:00etan hasiko da, eta hainbat partidu jokatuko dituzte goizean. Arratsaldean ere izango dira partiduak, 17:00etatik aurrera. Partiduak XVeko errugbian jokatuko dira, eta erabiliko den arautegia Egorenaren (European Golden Oldies Rugby) araberakoa izango da.

Dena den, topaketak hiru egun hartuko ditu. Izan ere, bihar arratsaldeko 19:30etan, Hernaniko udaletxean harrera egingo diete kanpotik etorritakoei. Ondoren, herrigunea ezagutuko dute, eta elkarrekin poteatzeko aukera ere izango dute jokalariek, Kaxkoko elkarte gastronomikoan. Etzikoa izango da egun haundia, Landaren: «Partidu sorta amaitu ondoren, garaikurren eta oroigarrien banaketa egingo dugu. Bertan izango dira, gainera, Xabier Lertxundi alkatea eta Iñaki Rica Euskadiko Errugbi Federazioko Presidentea». Eta azkenik, topaketari amaiera emango diote igandean, sagardotegi batean bazkalduta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!