Gaurtik, 'Belarri bero, bai esan?' websaila, Hamaika Telebistan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 26a, 00:00

Aitor Altuna, Uxue Amonarriz eta Uxue Bereziartua, Zehar Kableko kideak.

Asteazkenero, wesailaren atal bat eman dute Kolpez kolpe saioaren baitan, Hamaika Telebistan. 

Telefono linea erotiko batean lan egiten duten emakume batzuen nondik norakoak kontatzen ditu Belarri bero, bai esan? euskarazko websailak. Sei atalez osatuta dago websaila, eta orain Hamaika Telebistan emitituko dute, asteazkenero. Orain arte, herriz herriko proiekzioetan ikusi ahal izan dute herritarrek. Beraz, gaurtik aurrera, asteazkenero websailaren atal bat emango dute Kolpez kolpe saioaren barnean. Ondotik, telebistaren 'Nahieran' zerbitzuan ikusi ahalko dira atalak, baita Hamaikaren Youtubeko kanalean ere. 

Websailaren sortzaileak Uxue Bereziartua, Aitor Altuna eta Uxue Amonarriz hernaniarrak dira, eta Zehar Kablea taldea osatzen dute.  Hernaniko Udalaren 2019ko sormen beka eskuratu ostean jarri zuten martxan proiektua, eta aparra bezala, goranzko bidea hartu du lanak. 

Lau aktore protagonista ditu websailak, ondorengoak, hain zuzen: Olatz Beobide, Nerea Arriola, Olaia Gil eta Dorleta Urretabizkaia. Eta Rol txikiagoetan ageri dira Aitziber Garmendia, Kepa Errasti, Iñake Irastorza eta Asier Hernandez, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!